1. Amama: eder, sakon, hunkigarri, pentsarazlea
Xabier Mendiguren
Iritsi da "Amama", Asier Altunaren filma, denok itxaroten genuena, eta aparteko
iruzkina eskainiko diogu. Xalbadorren bertsoari buelta emanda: ez bakarrik gurea,
baizik ederra delako. Ederra, sakona, hunkigarria; ideiaz, sujerentziaz eta irudi
liluragarriz betea.
Orain hogeita piko urte Julio Medem-ek bere estreinako filma estreinatu zuenean,
"Vacas", haserretu egin nintzen, ez hainbeste zuzendariarekin baizik eta izan zuen
harrerarekin: "Honek ez du ideiarik ere baserria benetan zer den, eta hemen ari dira
denak, gure izatearen deskubritzailea balitz bezala". Altunari, hasteko, bi gauza eskertu
behar dizkiot: bata, benetan ezagutzen duela baserria (eta baserritarra) zer den; eta
bestea, ez duela "euskal" izateaz eta esentziaz hitz egiten.
Hala ere, atzean gogoeta sakona dago, eta gauza askotaz hitz egiten da: belaunaldien
arteko transmisioaz edo etenaz, baserriaren eta kalearen arteko talkaz, garai bateko
bizimoduaren galbideaz... Hori dena, istorio oso bertako bat kontatuz: baserri batean,
seme-alabetako inork ez du bertan lanean jarraitu nahi, eta aita egoskorrak ezin hori
ulertu. Oso bertakoa baina aldi berean oso unibertsala da istorioa, geure eran eta
hizkuntzan kontatua, eta Asier Altunaren estetikarekin, arte-lan bati buruz ari baikara.
Kixi Altunak betidanik izan du surrealismorako joeratxoa. Telmo Esnalekin egindako
lanetan umore errealistaren erregistroaren mugetan ibili bada ere, bakarkako lanetan
nabarmena da hura gainditzeko joera. Adibidez azken laburretan, "Zela Trovke" eta
"Soroa". Azken honetan, azpimarragarria da, era berean, Jorge Oteizaren inspirazioa,
gaur aipagai dugun filmean ere esplizitua: neolitikoarekin lotzen gaituzten 80 amonen
kontuan, arteari ematen zaion gure arima interpretatzeko eta sendatzeko gaitasunean...
Niretzat gehiegizkoa da oteizianismo hori guztia, baina hori nire mania pertsonal bat da,
ez Altunarekin baizik eta oriotarrarekin.
Eta zer gehiago esan? Joateko denak ikustera. Kandido Uranga eta Iraia Elias zoragarri
daude, eta berdin casting guztia. Lipusen rola, esaterako, azpimarratzekoa. Ederra da era
berean argazkia, musika, hitz batean dena. Ea merezi bezalako arrakasta duen gure
herrian, eta baita nazioartean ere.
(Argazkian, Altuna zuzendaria Uranga eta Lipus aktoreekin lanean).