1. SENTIARAZTEKO IPUINAK
BEGOÑA IBARROLA
AURKIBIDEA
POZA: Maskorretan.
TRISTURA: Negarrik egin nahi ez zuen sahatsa.
BELDURRA: Iñurri bidaiaria.
AUSARDIA: Ausarten taldea.
ANTSIETATEA: Ipurtarin eta Mantso.
ESKER ONA: Ehunzango dantzaria.
BAZTERTZEA: Kabi gabeko zikoina.
ENPATIA: Amets ehulea.
BIHOTZGABEKERIA: Iturriaren mendekoa.
LOTSA: Elenaren anaia.
NORBEREGANAKO KONFIDANTZA: Oroimena galdu zuen printzea.
HASERREA: Ibilaldia izarretan.
2. POZA
Guri positiboak diren gertaerak jazotzen zaizkigunean sortzen zaigun
emozioa edo sentsazioa da poza. Geure buruari jarritako helburua lortzean
edo sentsazio atsegina somatzean azaltzen dena. Noiz senti dezakegu poza?
Nahi duguna lortzen dugunean.
Arazoren bat konpontzen dugunean.
Maite ditugun lagunekin gaudenean.
Gauza baikorrak gertatzen direla somatzen dugunean.
Pozik dauden pertsonak ikusten ditugunean.
Gustatzen zaigun zerbaitekin harritzen gaituztenean.
Besteei zoriontsu izaten laguntzen diegunean.
MASKORRETAN
Olatuak oso pozik sentitzen ziren itsasoan zeudelako. Bazekiten
beraiei esker umeek ondo pasatzen zutela, haien gainetik saltoka eta
gazteek tablen gainean irrist egiten.
Baina, batzuetan itsasoak lasai egon nahi izaten zuen eta atsedena
hartzera bidaltzen zituen olatuak, eta orduan hondartzara txikienak
bakarrik iristen ziren. Hondartza pozik zegoen olatuen joan-etorri
nekaezina ikustean. Gogoko zuen haien abestia, nahiz eta oso polita izan,
pertsona batzuek bakarrik entzun ohi dutena. Olatuek arrastaka itsas
ertzeraino ekarritako maskorrak ere pozik zeuden eguzkia ikusteaz.
Azkenean, hondartzara ailegatu eta zain geratu ziren haurren bat gerturatu
eta hartuak izan arte.
Ur ertzean Elena izeneko neskatila bat zebilen. Eskuan pertz urdina
zeraman eta noizbehinka makurtzen zen itsasoak hondartzara eramandako
maskor eta harriak jasotzeko. Hondarrean erdi lurperatuta zegoen maskor
handi bat hartu bitartean esan zuen: “ Zein polita den! Pixka bat bustiko dut
hobeto ikusteko.”
Uretara hurbilduta maskorra garbitu zuen Elenak, bere edertasuna
eta itxura paregabea agerian utziz. Etxera eraman zuenean aitak esan zion:
- Elena, hau erromes maskorra da.
- Aita, zer da erromesa?
- Erromesaldia egiten duena, Done Jakue bidea esaterako. Horrelako
maskorra Compostelako Santiagora doazen erromesek bereizgarri modura
eraman ohi dute. Non aurkitu duzu?
3. - Ur ertzean. Gogoko ditudanak nire bildumarako hartzen ditut.
- Ziur maskor honek baduela zer kontaturik! Zenbat gauza ikusi ote
ditu!
Hurrengo hiru egunetan Elenak beti maskorra berarekin eramaten
zuen eta bizitzan zehar ikusitakoa kontatzeko eskatzen zion arren,
maskorrak ez zion erantzuten.
Egun batean maskorrak jasotzen zebilen andre bat ikusi zuen Elenak.
Neskatilarengana hurbilduta galdetu zion andreak:
- Utziko al didazu ikusten jaso dituzun maskorrak?
- Bai, eta zuk erakutsiko al dizkidazu zeureak? –esan zuen Elenak.
- Noski – erantzun zion andreak.
Hondarrean elkarrekin eseri ziren, maskorrez betetako pertzak
hustuz.
- Arraioa!! A zer maskor ederra duzun!! –esan zion andreak.
- Nire aitak erromes maskorra dela esan dit.
- Bai horixe!! Zoragarria da! Ez al duzu uste? Ziur nago maskor horrek
noiz edo noiz Done Jakue bidea egin badu gauza asko ikusi izango dituela.
- Gauza bera esan dit aitak, horregatik eskatzen ari natzaio
ikusitakoa kontatzeko, baina ez dit ezer esaten.
- Agian ez diozu arretaz entzuten –erantzun zuen andreak-. Egin
behar duzuna zera da: esku artean maskorra hartu eta adi-adi entzun berak
kontatu nahi dizuna. Begiak itxi eta imajinatu ikusi dituen lekuak, ezagutu
dituen pertsona guztiak, entzun dituenak...
Arratsalde horretan bertan, gurasoak bazkaldu ondoren, atsedena
hartzen ari zirela, emakumeak esandakoa egin zuen Elenak. Bere burutik
irudi ugari pasa ziren: mendi berdeen paisaiak, teilatu arbeladun herri
txikiak, euria, eguzkia, baina baita jendearen arteko elkarrizketak eta
isiluneak ere. Bere barnean zerbait berezia sentitu zuen, emozio izugarria
zen, eta une horretatik aurrera erromesa izango zela eta Done Jakue bidea
egingo zuela erabaki zuen.
Arratsaldeko azken orduak isilik eman zituen eta oherakoan amak
musua ematera zihoala, Elenak galdetu zion:
- Ama, ni erromesa izan ninteke?
- Alabatxo, zer dela eta galdetzen didazu hori?
- Ama, hondartzan andre batekin topo egin dut eta maskor batek
kontuak esan dizkit! Hurrengo udaran, zergatik ez dugu Done
Jakue bidea egiten?
- Begira, oso goiz da horretan pentsatzeko, oraindik ez baita
aurtengo udara bukatu.
Biharamunean, gosaltzen ari zirela, aitak esan zion:
- Elena, Bide Jakue egiteko gogoa duzula esan dit amak.
4. - Bai aita, izugarri gustatuko litzaidake.
- Baina oraindik txikia zara, koxkortzen zarenean ikusiko dugu.
- Baina nik orain joan nahi dut! Mesedez...
Eztabaida bukatutzat jo zuen arren, aitari ezin zitzaion burutik
kendu alabak esandakoa. Harrigarria eta, era berean, hunkigarria iruditu
zitzaion alabak Done Jakue bidea egin nahi izate hori, berarentzat ere,
gaztaroan garrantzitsua izan baitzen. Udarako azken egunak turismoko
mapei eta liburuxkei begira eman zituen, eta oporrak bukatu aurretik
alabari esan zion:
- Elena, zutaz harro nago, eta zoriontsu sentitzen naiz erromesa
izan nahi duzulako. Ba al dakizu gaztetan Done Jakue bidea egin
nuela? Niretzat esperientzia zoragarria izan zen eta gauza asko
ulertzen lagundu zidan. Pentsatu dut, oraindik oso txikia zarenez,
datorren udaran egin genezakeela Santiago bidearen zati txiki
bat. Zer iruditzen zaizu?
Hori entzutean, Elenak aita besarkatu zuen. Zoriontsu zegoen.
- Eskerrik asko, aita! Gaur bertan hasiko naiz prestatzen.
Handik aurrera Elenak, aitarekin batera, prestatzen jardun zuen eta
lepotik zintzilik eramaten zuen beti hondartzan aurkitutako maskorra.
GOGOETAK
Inoiz hartu al duzu maskorrik edo harririk hondartzan? Zein dira
gehien gustatu zaizkizunak?
Inoiz entzun al duzu ezer Done Jakue bideaz? Galdetu inguruan
duzun jendeari ea zerbait kontatzen dizuten horretaz.
Inoiz sentitu al duzu erabateko pozik eta zorionik egin duzun
bidaiaren batean? Nora zindoazen? Eta nondik zentozen?
Zu Elenaren lekuan egon izan bazina, zer egingo zenukeen
maskorrarekin?
Ondo deritzozu aitak izan zuen ideiari?
Marraztu ezazu maskorra edo Elena edo ipuinaren pasarte bat.
Nahi baduzu, ipuinaren zatiren bat alda dezakezu, edo Elenak
gurasoekin Compostelako Santiagora egindako bidaiaren
jarraipena egin.
5. TRISTURA
Garrantzitsutzat jotzen den zerbait, itxarobideak edo ustez
finkatua zena galtzean sortzen zaigun emozioa edo sentimendua da tristura.
Noiz senti dezakegu tristura?
Arazo larriak ditugunean.
Garrantzitsutzat jotzen duguna galtzean.
Maite ditugunak gaixotzen edo hiltzen zaizkigunean.
Lagunik ez dugunean.
Maitasun eta arreta eskasa jasotzen dugunean.
Maite ditugunak triste ikusten ditugunean.
Lekuren bat, familia, lana utzi behar baditugu.
NEGARRIK EGIN NAHI EZ ZUEN SAHATSA
Goiz partean parkea oso leku tristea izaten zen: kolunpioak eta
txirristak hutsik, zalditxoa geldi- geldi, umeak eskolan, zuhaitzak ere
triste... Arratsaldean, berriz, haurren jolasak eta barreak alaitzen zuten
parkea.
Abarren artean ezkutaketan jolasten ari zirela umeek kilimak egiten
zizkioten parkean zegoen Sahatsari. Hau betilun egon ohi zen, beste
zuhaitzek bere kontura barre egin eta honelakoak esaten zizkiotelako:
-Tontolapikoa zara, Sahatsa!!
Tristurak jotzen zuenean, negarrari ezin eutsirik egoten zen
batzuetan, baina beste zuhaitzen aurrean indartsu eta heldu azaldu nahi
zuenez ez zen negarrez hasten.
Arratsalde batean zerbait berezia gertatu zen: Nizarrek, txiki-
txikitatik ezagutzen zuen umeak, enborrari helduz negarrari eman zion abar
artean ezkutatu bitartean.
Sahatsak ez zekien zer egin. Haurrak barrez ikusi zituen beti;
txirristatik erori eta min hartu ondorenean ez bazen.
- Zer gertatzen zaizu, Nizar?- galdetu zion harriturik.
- Nire txakurra, Coliblanca, gaixorik dago; helduek diotenez, larri
dago eta albaitariarengana eraman behar da. Eta hilko balitz?
Nizarrek ezin zuen hitzik esan, negarrari eutsi ezinik.
- Zer egin nezake zuregatik?- galdetu zion Sahatsak.
- Ezkuta nazazu zure abarren artean, besteek negarrez ikusteak
lotsatzen nau, dagoeneko bost urte beteak baititut.
Orduan Sahatsak abarrekin besarkatu zuen umea, besteen begirada
zorrotzetatik babesteko.
6. “Umeek ere negar egiten dute, beraz...” pentsatu zuen.” Eta zer dela-
eta nik ezin dut negarrik egin? Parkeko jakintsuenari, hau da, Haritz
zaharrari, galdetuko diot. Ziur nago lagunduko didala, bizitza luzea izan
duenez, zer esana izango du”.
- Esadazu, Haritz zaharra, ondo al deritzozu negar egiteari?
- Sahats maitea: negar egitea ondo dago beti ere zuri edota zuk
maite dituzun horiei zerbait gertatutakoan; arreta lortzeko bakarrik bada,
ez ordea. Ez lotsatu negar egiteaz eta ez ezazu pentsa umeek bakarrik
egiten dutela negar, helduek ere egiten baitute. Zure lagunen bat negarrez
ikusten baduzu ez iseka egin, saiatu bera lasaitzen.
- Eskerrik asko, Haritza. Orain badakit zer egin beste zuhaitzek nire
kontura barre egiten badute, hauxe esango diet: “Triste zaudenean normala
da negar egitea, eta hori da, nire lagunari gertatzen ari zaiona.”
Umea horrela ikustean, Sahatsa ere, triste jarri zen eta elkarrekin
negarrari eman zioten. Orduan, Nizarrek esan zion:
- Eta zuk zer dela-eta egiten duzu negar, Sahats negartia?
- Triste nago zure txakurrari gertatutakoagatik, baita parkeko beste
zuhaitzek nitaz barre egiten dutelako ere. Baina orain hobeto sentitzen
naiz zu nire laguna zarelako.
Sahatsak negar egiteari utzi zion eta esan zuen:
- Zuri esker garrantzitsua den zerbait ikasi dut.
Nizarrek Sahatsa besarkatu ondoren, eskerrak eman zizkion laguna
zuelako, bere kontura barre egin ez zuelako eta abarren artean ezkutatu
zuelako. Handik aurrera ez Sahatsa, ez Nizar, ez dira lotsatzen negar
egiteaz, baldin eta arrazoiren bat badago, jakina.
GOGOETAK
Inoiz sentitu al zara triste?
Inork iseka egin dizu negar egiteagatik?
Inoren aurrean negar egiteak lotsarazten al zaitu?
Bakarrik umeek negar egiten dutela uste al duzu? Inoiz ikusi al
duzu helduren bat negarrez? Ba al dakizu zer dela eta ari zen negarrez?
Nizar triste dago. Gogoratzen al duzu zergatik zegoen horrela?
Sahatsa ere triste dago, zer dela eta?
Inoiz lagunen bat triste ikusi baduzu, zer egin izan duzu poztu zedin?
Edonori ez diogu esaten nola sentitzen garen. Nori esango zenioke?
Nahi izanez gero, ipuineko pasarteren bat edo pertsonaiaren bat margo
dezakezu.
Nahi baduzu, ipuinaren zatiren bat edota bukaera alda dezakezu. Horrez
gain Nizarri edo Sahats negartiari buruzko kontu berriak asmatu.
7. BELDURRA
Gure ongizate fisiko edo psikikoa arriskuan somatzen ditugunean
sortzen zaigun emozioa edo sentimendua da beldurra.
Noiz senti dezakegu beldurra?
Ilunpean gaudenean, amesgaiztoak ditugunean etab..
Ezezaguna zaigunaren aurrean gaudenean, pertsonak nahiz lekuak edo
egoerak izan.
Besteek beldurra erabiltzen dutenean gu kontrolatzeko.
Porrot egiten dugunean, besteekin ditugun harremanetan, eskolan
edo lanean ari garenean.
Bakarrik sentitzen garenean.
Zer esan edota zer egin ez dakigunean.
Besteek gure kontra indarkeria erabiltzen dutenean.
INURRI BIDAIARIA
Inurritxoa beldurtuta zegoen, lagunak begien bistatik galdu eta
bakarrik sentitzen zen.
-A zer zoritxarra! Bakarrik utzi naute –zioen negarrez, alde batera
eta bestera begira zebilen bitartean.
Han zebilen sugandila batek galdetu zion:
-Zer dela eta ari zara negarrez?
-Galduta nago, nire taldekoek alde egin dute eta ez ditut aurkitzen.
Beldur naiz, ez baitakit bakarrik etxera itzultzen.
-Ez kezkatu, aurkituko ditugu, zatoz nirekin!
Inurritxoa hain txikia zenez, sugandilaren gainera igo zen.
-Goazen basoan zehar ea norbaitek ikusi dituen zure lagunak.
Errekatxo batera iritsi ziren eta igel batek galdetu zien:
-Nora doa inurritxo bat sugandilaren gainean?
Sugandilak esan zion inurria beldurtuta zegoela lagunak galdu
zituelako eta lagundu egin nahi ziola.
-Nik ere lagundu nahi dizuet; igo zaitezte nire gainera, ibaiaren
ertzetik joango gara ea norbaitek ikusi dituen zure lagunak. Ez egin
negarrik, sugandila eta bion artean aurkituko ditugu eta.
Sugandila igelaren gainera igo zenean, inurria ikaragarri poztu zen,
han goitik ikusten zuena paregabeko ikuskizuna baitzen.
-Zenbat gauza ikusten ditudan hemendik! Zein handia den hau guztia!
–zioen txunditurik, begiak zabal - zabalik zituela.
8. -Nora doaz inurria eta sugandila, igelaren gainean? –galdetu zien
inguruan zebilen dortoka batek.
Eta orduan istorioa kontatu zioten.
-Nik ere lagundu nahi dizut, inurritxo. Igo zuek hirurok nire
oskolaren gainera, badakit non egon litezkeen inurriak.
-Baina zu oso motela zara! –esan zuen sugandilak.
- Baina zaharra naiz eta oso jakintsua. Nik badakit zein diren
inguruko animalien ohiturak eta badaukat inurriari laguntzea inurritegia
topatzen.
Inurria zeharo txundituta zegoen, ezin zuen txintik ere atera. Igela
dortokaren gainera igo zen, hara zer ikusi zituen orduan handik!: ibaia,
lorez estalitako zelaiak, mendiak, urrutiko etxeak...Ezin zuen imajinatu ere
egin mundua hain handia izango zenik.
“Nire lagunek hau guztia ikusiko balute” pentsatu zuen aieneka ari
zen bitartean. Jadanik ez zuen beldurrik somatzen; izan ere, mendian
aurkitzen zituen animalia guztiak bere kideak topatzen laguntzeko prest
zeuden. ”Nire lagunek egoera dibertigarri honetan ikusiko banindute!...”
Bidean inurri ilara bat topatu zuten eta dortokak galdetu zien:
-Ez zarete ba ibiliko zuen lagun baten bila?
-Bai, bai –erantzun zuten negar zotinka.
Orain dela gutxi galdu zaigu, eta ez dugu etxera itzuli nahi aurkitu arte,
hain beldurtuta egongo da, gaixoa!
-Eta zer dela eta daramazu oskolaren gainean igela? Eta igelak
sugandila? Eta sugandilak...gure laguna?
Zur eta lur zeuden ikusten ari zirena ikusita.
-Lagunak, a zer poza!! Lagun hauei esker aurkitu zaituztet eta
gainera, mundua zein handia den jakin dut. Beldurtuta nengoen, bakarrik
sentitzen nintzelako, baina gero sugandilak, igelak eta dortokak lagundu
didate. Dortokak, jakintsua eta buru onekoa izanik, bazekien non egongo
zineten.
Lehenengo igela dortokaren gainetik jaitsi zen, ondoren sugandila
igelaren gainetik eta azkenean inurria sugandilaren gainetik. Inurriek esan
zioten handik aurrera lagunen ondoan, urrundu gabe, ibiltzea komeni
zitzaiola, gal ez zedin; jarraian animaliei -dortoka, igela eta sugandilari-
eskerrak eman zizkieten inurriari laguntza eman izanagatik.
Harrezkero,inurria lagunen ondoan ibili ohi da, baina noiz edo noiz
ingurura begiratzen du, ea bere gainean paseatzera eramango duen lagunik
ikusten duen.
9. GOGOETAK
Nola sentitu zen inurria lagunak begien bistatik galdu zituenean.
Animaliek kideak aurkitzen lagundu diote. Arazoren bat duzunean
zure lagunek laguntzen al dizute?
Beldurra pasatu zaionean inurria poz-pozik dago, handik goitik
ikusten zuenaz jabetzean. Inoiz beldurra gainditu ondoren lortu al
duzu ondo sentitzea? Noiz?
Inurriaren lekuan egongo bazina, zer egingo zenuke?
Ipuinaren bukaera alda dezakezu edota bururatzen zaizuna gehitu.
Inurria bera margo dezakezu edota kideak aurkitzen lagundu dioten
animaliak.
10. AUSARDIA
Arrisku eta zailtasunei aurre egiten dakigunean.
Honako egoera hauetan emozio honekin topo egin genezake:
Beldurra gainditzeko gai garenean.
Zailtasunei aurre egiten diegunean.
Indarkeria erabiltzen dutenei indarkeriarik gabe aurre egiten
diegunean.
Ohikoa ez den zailtasunari aurre egiten diogunean.
Oztopoak gaindituz helburuak lortzen ditugunean.
Erronka bati aurre egiten diogunean.
AUSARTEN TALDEA
Haur guztiek txalotu eta Samueli esaten zioten:
-Aupa! Oso ongi Samuel! Indartsuena zara!
Eta Samuelek horrelakoetan besoak altxatzen zituen irabazle gisa.
Alan aldiz, lurrean zeharo beldurtuta eta ezpainak odoletan zituela zegoen.
Samuelek uste zuen dena indarra erabiliz konpon zitekeela; izan ere,
bera, gainontzekoak baino handiago eta indartsuagoa zen.
Norbaitek kontra egiten zioenean, muturrekoa emateko mehatxu
egiten zion.
Berak esandakoa betetzen zuten gehienek, beldurra baitzioten. Baina
hau ez zen Alanen kasua, ez baitzuen erraz amore ematen. Jolasgaraian
Samuelek otartekoa eskatu zioenean, honek ez zion eman. Orduan, gelako
harroputzak otartekoa kendu, bultza egin eta bere mutur aurrean jaten
hasi zen.
Alan, oraindik, lurrean zegoen Agustin irakaslea hurbildu zenean:
-Zer gertatzen ari da hemen? -galdetu zuen.
-Ezer ere ez irakasle, borrokatxo bat –erantzun zuen mutiko batek.
-Nor hasi da? –ea Alan –esan zion altxatzen laguntzen zion bitartean. –Nork
jo zaitu?
Alan isilik geratu zen, bere buruari galdezka irtenbide bat bilatu
nahian. Baina, ez zekien zer egin: egia esaten bazuen, Samuel berriro ere
aurrez aurre izango zuen eta oraingoan, gainera, eskolatik kanpo, inoren
babesik gabe.
Borroka berak hasi zuela esaten bazuen, kolpeaz gain irakaslearen
zigorra jaso zezakeen eta agian gurasoei zuzendutako oharra. Isilik geratuz
11. gero, denen aurrean barregarri geratuko zen eta gezurra esan ziolako
irakaslea haserretuko zitzaion.
Beraz, Alanek arazoa zuen, arazo latza gainera.
-Garrantzirik gabeko borroka besterik ez da izan, irakasle.
-Bada, esango didazu zer egiten duzun lurrean, ezpainetik odola darizula.
-Samuelek nahi gabe bultza eta erori egin naiz.
Irakaslea ez zen batere konforme geratu azalpenarekin, baina, ez
zuen ezer gehiago galdetu eta ikasleak gelara bidali zituen.
Alanek denen ahotik isilpeka entzun behar izan zuen:
- Kakatia, oilo bustia, babalorea!
Minduta egon arren, ez zuen txintik ere esan eta gertatutakoa
lehenbailehen ahazten saiatu zen.
Eskolatik etxerako bidea oinez egin zuen burumakur eta pentsakor,
norbait atzetik zetorkiola konturatu gabe.
- Kaixo arratsaldeon Alan - esan zion neska batek irribartsu.
- Nor zara zu? Ez zaitut ezagutzen, nola dakizu nire izena?
- Nala naiz eta zuri buruz dena dakit. Alan aho zabalik neskari begira geratu
zitzaion, honek esaten zuena ulertu gabe.
- Ni urrutiko herri magiko batean bizi naiz eta zure beste aldea naiz. Herri
horretan denek ezagutzen zaituzte, Alan.
- Herri magiko horretan, denek ezagutzen nautela diozu? Ez dut ezertxo
ere ulertzen.
- Nahi baduzu azalduko dizut.
- Entzungo dizut, dena kontatu.- eskatu zion Alanek.
- Nire herrian Ausarten errege deitzen dizute, denei aurre egiten diezulako
indarra erabili gabe.
Alanek burumakur esan zion Nalari:
- Baina orain ez naiz ausarta. Gaur gelako mutil batek nire ogitartekoa eman
ez diodalako jo egin nau eta ez dut nire burua babesten jakin izan.
- Agian jo zaituen mutila koldarra da eta indarra erabiltzen du beldurra
duelako.
- Samuelek beldurra? Zuk ez duzu ezagutzen,...
- Bai Samuelek indarra erabiltzen badu, zuek ikaratu eta urrun
mantentzeagatik egiten du, izan ere Samuel zuen beldur da. Ez al duzu ala
uste?
- Beno, horrela begiratuta, agian arrazoi duzu.
- Gaur zuregana etorri naiz, nahiz eta zuk horrela ez uste, zure barruan
ausardia duzula gogorarazteko. Ez ahaztu Ausarten Errege deitzen
dizutela.
Alanek eta Nalak hizketan jarraitu zuten etxerako bidean.
- Berriz ikusiko zaitut? Oso interesgarria da kontatu didazun hori.
12. - Berriro ere elkarren berri izango dugu...- Bat-batean arrastorik utzi
gabe desagertu zen.
Alanek hau guztia ametsa izan zela pentsatu zuen, baina amak etxean
sartzean, neskari buruz galdetu zionean konturatu zen gertatutakoa ez zela
ametsa izan.
Hurrengo egunean, gelara joan zenean plan bat zuen buruan Alanek:
Samuelek maiz zirikatzen zituen gelakide batzuekin hitz egin zuen eta
honela esan zien:
-Samuel bakarra da eta gu,aldiz, asko gara; beraz, gutako batekin
sartzen den bakoitzean denok aurrez aurre izango gaitu. Zer deritzozue?
-Primeran eta denon artean eskarmentu ederra emango diogu, jipoi
galanta.
-Ez, ez dago jo beharrik, denok elkartuta ikusiz gero ez da ausartuko;
azken batean beldurra digu. Honekin ados bazaudete taldea osa dezakegu,
Ausarten taldea. Zer diozue?
Denak ados ziren eta ondoren taldea ezagun egingo zuen armarria
sortzeari ekin zioten, Antzinako Zaldunen gisa.
Ausarten taldea egunetik egunera hazten ari zen bitartean Samuel
bakarrik geratzen hasia zen, taldeko bazkide izateak abantaila ugari
baitzituen: babesa, lasaitasuna,...
Aurrerantzean bakean utzi zituen.
Alanek ez zuen Nala inoiz ahaztu eta oraindik ere egunen batean
etorriko delakoan dago.
GOGOETAK
Samuelen antzeko neska-mutilik ezagutzen al duzu? Zein da bere
jarrera?
Kideekin egunerokoan, nola jokatzen duzu? Zuk nahi duzuna egiten duzu
edo beste batek agindutakoa egiten duzu?
Zure ustez: Alan ausarta al da? Zergatik?
A zer buruhaustea izan duen Alanek irakasleak zer gertatu den galdetu
dioenean. Zuk egoera horretan, zer erantzungo zenuke?
Nor da Nala? Zer dela eta agertzen zaio?
Ausarten taldea osatu izanari zer deritzozu?
Nahi izanez gero, eman iezaiozu bukaera desberdina ipuinari.
Talde txikitan antzeztu istorioa edota marrazkia egin.
13. ANTSIETATEA
Arriskuak edota mehatxuak, aurrez zehaztutakoak edo ez,
aurreikusten ditugunean sortzen den emozioa. Honekin batera beldurra,
kezka eta tentsioa antzeman daitezke.
Honako egoera hauetan antsietatearekin topo egin dezakegu:
Egoera arriskutsuetan.
Lehen aldiz zerbait egin behar dugunean.
Azterketetan.
Uste gabeko egoeretan.
Lanak azkarregi egin nahi ditugunean.
Gehiegi larritzen garenean.
Jende aurrean zerbait adierazi behar dugunean.
IPURTARIN ETA MANTSO
Ipurtarin sugandila ez zen inoiz geldirik egoten, eguna, batetik
bestera korrika igarotzen zuen, atsedenik hartu gabe, nahiz eta eguraldi
eguzkitsua izan.
-Ez al duzu atseden hartu behar? -esan zion Mantso izeneko sugandilak.
-Primeran egoten da eguzkitan!
-Gezurra dirudi, hainbeste egiteko dugu eta zu denbora galtzen -erantzun
zion Ipurtarinek haserre.
-Ez naiz denbora galtzen ari, nik ederki asko aprobretxatzen dut denbora.
Orain, atseden hartu eta indar berritu eta gero, egin beharrekoak egingo
ditut.
Mantso sugandilak pentsatzen zuen Ipurtarin gehiegi arduratzen zela
egitekoaz: janaria aurkitu, etxea garbitu,... eta lagunaz errukitzen zen
bizitzaz ez zuelako gozatzen.
Gainera, hainbeste kezkatzen zituen hainbat arazo gero ez ziren hain
larriak izaten. Joan den urtean, adibidez, oso kezkatuta egon zen, udan
herriko haurrak sugandilak harrapatzera aterako zirela eta beraiek larri
ibiliko zirela pentsatu zuelako. Baina, ez zen horrelakorik gertatu eta
neska-mutilek primeran pasa zuten sugandilak bakean utzita.
Orain ere kezkaturik zegoen agian nahikoa jatekorik izango ez
zuelakoan.
14. -Ez duzu zertan kezkaturik -esaten zion Mantsok,-zuk aurkitzen ez baduzu
denon artean jatekoa bilduko dugu; gainera udaberria iristear dago eta ziur
janari ugari izango dugula.
Egun batean, hor zihoan Ipurtarin itsu-itsuan korrika eta bat batean
lorontzi huts baten barrura erori zen. Handik irteten ahalegindu zen,
baina, paretak altuegiak zirenez ez zuen lortu.
- Lagundu, lagundu,... Norbaitek hemendik atera nazala, mesedez!
Baina, ez zuen inork entzun, ezta Mantsok ere, harri baten gainean
eguzkitan lasai zegoen eta.
Halako batean, Mantsok bueltatxo bat ematea erabaki zuen eta
lorontziaren ondoan pasatzerakoan lagunaren ahotsa entzun zuen, laguntza
eske.
-Non zaude? ez zaitut ikusten - esan zuen Mantsok.
-Lorontziaren barruan nago eta ezin dut hemendik atera. –erantzun zion
triste Ipurtarinek.
-Nik ezin dizut lagundu, ni ere erortzeko beldur naiz.
Mantsok ez zekien zer egin. Bat batean Mirlo txoria ikusi zuen eta
honela esan zion:
-Kaixo laguna, Ipurtarin sugandila lorontzi barrura erori da eta ezin
diezaioket irteten lagundu. Zer egin dezakegu?
-Lasai, lagunduko dizuet.
Mirlo oso txori atsegin eta alaia zen. Luma beltzak zituen eta mokoa,
berriz, horia zuen. Sarritan lorategian saltoka ikusten zuten.
Mantsok Ipurtarin non zegoen erakutsi zion eta hantxe aurkitu zuten
Ipurtarin gaixoa negarrez. Mirlo lorontzira gerturatu eta esan zion:
-Lasai Ipurtarin, hemendik ateratzen lagunduko dizut. Adi entzun: zu
zauden tokira jaitsiko naiz eta hanketatik helduko zaitut.Esan eta egin,
Mirlok Ipurtarin lorontzitik hegan atera zuen onik.
-Eskerrik asko Mirlo, hemendik aurrera lagunak izango gara eta zuri ere
eskerrak, Mantso. Buruhauste franko izan dut hor barruan egon naizen
bitartean.
-Zer pentsatzen zenuen bada? –galde egin zion lagunak.
- Batetik bestera beti korrika nabilela konturatu naiz, egitekoaz eta
gertatu daitezkeen gauzez kezkaturik eta larrituta. Honen ondorioz, egiten
ari naizenari behar adina arreta ez diot jartzen.Horregatik erori naiz
lorontzi barrura, mantsoago ibiliz gero arriskuaz ohartu eta ekiditeko
aukera izango nuke.
Gertatutakoaren ondorioz, Ipurtarin konturatu zen korrika eta
presaka ezin zitekeela gustura bizi.
Geroztik, egunero, Mantso lagunarekin aritzen da gustora berriketan
eta horrela oso pozik bizi da.
15. GOGOETAK
Ipuinaren zein zati gustatu zaizu gehien?
Sugandilarik ikusi al duzu inoiz? Noren antza duzu, Mantsorena ala
Ipurtarinena?
Inoiz kezkatu al zara gero gertatu ez den zerbaitengatik?
Mantsok lagundu dio lagunari lorontzitik ateratzen, zuk, arazoen aurrean
ba al duzu norbait lagunduko dizunik?
Zer burutazio izan ditu Ipurtarinek lorontzi barruan dagoen bitartean?
Ipurtarinekin hitz egiteko aukera izanez gero zer aholku emango
zenioke?
Nahi izanez gero, bi sungandila hauek protagonista izanik abentura berri
bat asma dezakezu.
Nahi baduzu, ipuin honetako bi pertsonaien marrazkia egin dezakezu.
16. ESKER ONA
Norbaitengandik musu truk eta borondate onez zerbait jaso ondoren
bizi dugun sentimentu positiboa da.
Honako egoera hauetan adieraziko dugu esker ona:
Norbaitek egindako oparia jasotzen dugunean.
Norbaitek musu truk laguntzen digunean.
Egin dugun lanaren ondoren jasotako laudorioak eskertzeko.
Maitasun adierazpenak jasotzen ditugunean.
Norbaitek gurekin zerbait banatzen duenean.
Norbaitek entzuten gaituenean.
Lagunak eta sendi tartekoak zaintzen ditugunean.
EHUNZANGO DANTZARIA
Herri inguruko zelaietan animalia ugari bizi zen: batzuk txikiak,
besteak handiak, batzuk korrika, besteak saltoka, baina, denak pozik eta
alai. Haien artean aurkitu genitzake: amona mantangorria, tximeleta,
kakalardoa, ipurtsarde, ...ehunzangoak egiten zituen dantzei begira.
Denak oso lagunak ziren eta elkarri asko laguntzen zioten. Tximeleta
eta amona mantangorriak ezezagunen bat gerturatzen zenean denei
jakinarazten zieten, ipurtsardek berriz, lagunak bere pintzekin
defendatzen zituen, kakalardoak zuloak egiten zituen lur azpian ezkutaleku
gisa erabili ahal izateko eta bukatzeko, ehunzangok festak alaitzen zituen
bere dantzekin.
Egun batean, tximeleta, urduri, hegoak astintzen hasi zen arriskua
adierazi nahian eta denak erne jartzeko.
- Apotzar bat! Apotzar bat begira ari zen jaki moduan ikusten zituen
bitartean.
- Gustura zabiltzate alajaina! esan zien – poliki-poliki inguratuz.
- Uda da eta lurra epel-epel dago, gainera, jateko ugari dugu inguruan eta
egarriturik gaudenean ondoko errekara joan gintezke. Zer gehiago eska
genezake?- erantzun zioten ezkutatzera azkar alde egin zutenean.
Ehunzangok, ezer esan gabe, ihes egin zuen, ez baitzitzaion batere
atsegin apoaren bisita.
Halere, apoak ehunzangoa begiradarekin jarraitu zuen eta honela
zuzendu zitzaion:
17. - Ehunzango, itxaron pixka bat, zurekin hitz egin nahi dut...
Ehunzangok, belarretan ezkutaturik zegoela, apoa mantso-mantso
inguratzen ari zitzaiola ikusi zuen.
Atsedena hartuz eta tartea mantenduz honela galdetu zio:
- Zeri buruz hitz egin nahi duzu?
- Nik ospatu behar dudan festara zu etortzea nahi dut. Dantzari ona zarela
entzun dut eta bertan dantza egitea nahiko nuke.
- Zuk ematen duzun festara joaten banaiz eta zuretzat dantzatzen badut,
trukean zer emango didazu?
Apoa pentsakor geratu zen eta honela erantzun zion:
- Etxe berri bat egingo dizut.
- Ez dut beste etxerik behar, orain dudana oso gustukoa dut. – erantzun
zion Ehunzangok.
- Ba... zure etxea janaria pilatu beharrik, behar dudana zelaian aurkitzen
dut –erantzun zuen.
- Orduan zer nahi duzu? Esan ezazu eta eskatzen duzuna ematerik dudan
ikusiko dugu.
- Ongi da, nire lagunak errespetatzea nahiko nuke, ez nuke nahi zuk beraiek
jatea, errekaren beste aldera joan zaitezke janari bila eta nire lagunak
bakean utzi.
Apoak, purrustaka onartu egin zuen proposamena, errekaren beste
aldea urrutiago baitzuen. Orduan Ehunzango etxera abiatu zen dantzak
entsaiatzeko asmoz eta horrela aritu zen:
- Bat, bi, hiru eta eskuinera; bat, bi, hiru eta ezkerrera; bat, bi, hiru eta
atzera; bat, bi, hiru eta buelta...
Behin eta berriro errepikatu zuen.
Hain dantza zailak beste inork ez zituen dantzatzen eta horregatik
zen hain ezagun eta ospetsua. Toki askotatik deitzen zioten eta denek
miresten zuten dantzarako zuen trebetasuna.
Festa eguna iritsi zenean, zituen onenak jantzita, apoaren etxera abiatu
zen. Denak irrikaz ikusi zuten emanaldia eta Ehunzangok txalo eta laudorio
ugari jaso zituen. Apoa pozez zoratzen zegoen lagunen esker ona jasotzen
zuelako eta festa amaitu bezain laster Ehunzangok honela esan zion:
- Gogoan izan nire lagunak bakean uztea agindu zenidala eta zure hitza bete
egin behar duzula, eh!
- Ez zaitez kezkatu, emandako hitza beteko dut. Esan zure lagunei janari
bila errekaren beste aldera joango naizela eta hemendik aurrera lasai
ibiltzeko.
Ehunzango etxera itzuli zenean lagun guztiak zituen kezkatuta bere
zain agian apoak jan egin zuela pentsatu baitzuten. Iritsi orduko
Ehunzangok berri ona eman zien:
18. - Apoak antolatutako festan dantza egiteagatik bakean utziko gaituela hitz
eman dit. Aurrerantzean, janari bila errekaren beste aldera joango da.
- Aupaaaaaaaaa! – Egin zuen oihu.
Lagunek eskerrak eman zizkioten, bizkar gainera jaso eta denak
batera berri ona ospatu zuten. Tximeletak, bere esker ona erakutsi nahian
lorea oparitu zion, amona mantangorrik hazia, ipurtsadek fruta zatia eta
kakalardoak buztin eta lastozko pilotatxoa. Denak elkarrekin jolastu zuten
iluntzera arte.
GOGOETAK
Norbaiten laguntza edo opari bat jasotzen duzunean, eskerrak ematen al
dituzu?.
Ehunzangorik ikusi al duzu inoiz? Nolakoa da?
Apoa ikusterakoan zer egin dute beste animaliek?
Ehunzangok denen mesederako izango den zerbait eskatuko dio igelari,
zer iruditzen zaizu?
Zu ehunzangoa izan bazina, zer eskatuko zenioke apoari?
Ehunzangori esker lagunak onik ateratzen dira. Antzeko egoerarik bizi
izan al duzu inoiz?
Nahi izanez gero, eman iezaiozu bukaera desberdina ipuinari.
Talde txikitan antzeztu istorioa edota marrazkia egin.
19. BAZTERTZEA
Interes, balio edo duintasunik gabe sumatzen dugun pertsonenganako
etsaitasun sentimendua da eta honek urruntze eta mesprezioa eragiten du.
Baztertzea suma daiteke:
Norbaitek gure aldamenean egon nahi ez duenean, iraintzen
gaituztenean edo iseka egiten digutenean.
Lagun batek kasu egiten ez digunean.
Talde batean jolasten uzten ez digutenean.
Batek ondokoa ezberdina izateagatik mesprezatzen duenean.
Batek gertukoa ezintasun bat izateagatik alde batera uzten duenean.
KABI GABEKO ZIKOINA
Urtero bezala, garai berean zikoinak herriko kanpandorrera itzultzen
dira. Orduan jakiten dugu gure artean egongo direla beren kumeak hegan
egiten ikasi arte.
Aurten berriz, ez dut uste hemen geldituko direnik kanpandorreko
konponketak direla eta, habia kendu baitiote.
Egun batean zikoina bat iristen ikusi eta begiradarekin jarraitu nion
bere betiko habia ez zegoela konturatzean zer egingo ote zuen ikusteko.
Zikoinak, erabat harrituta, ingurua miatu zuen bere habia kokatzeko
leku berri baten bila.
Hegan hasi eta herriko bigarren teilatu gorenera, burdindegiko
Benitorenera, abiatu zen.
Teilatuan pausatu bezain laster, Benito etxetik irten eta harrika hasi
zitzaion hau zioen bitartean:
- Alde hemendik! Ez dut nahi zuk nire teilatua zikintzea!
Zikoina gizajoa beldurturik hegan alde egin zuen. Bila zebilela, argi
indarreko zutoinean gelditu zen atseden hartzera. Handik hurbil egokia izan
zitekeen tximinia zuen teilatua ikusi zuen eta harantz abiatu zen makilak,
abarrak , plastiko zatiak,.... eta bidean aurkitzen zuen guztia hartuta. Janari
dendako jabea zen Lumi andrea irten, ikusi eta garrasika hasi zen:
- Joan hadi hemendik zikoina zikin! Ez zaitut nire teilatuan ikusi nahi,
bila ezazu beste kanpandorrea han hobeto egongo zara eta!
Zikoina, inork etxeko teilatua utzi nahi ez eta, herrian gelditzeko
toki bila nola zebilen ikusteak errukitu ninduen.
Berriro leku guztietatik bere habia egiteko toki lasai baten bila hasi
zen, dorre garai bat ikusi eta harantz abiatu zen.
20. Zikoinak ez zekien toki horretan herriko urtegia zegoela, eta a ze
iskanbila sortu zen Tomasek eta Casimirok hor ikusi zutenean.
- Joan zaitez zikoina, ura zikinduko diguzu eta! Alde etorritako
bidetik! - eta harriak eta makilak bota zizkioten.
Zikoina zelaian negarrez ikusi nuen, eta hau zioela entzun nion:
“Inork ez dit nire habia egiten uzten, inork ez nau ondoan ikusi nahi,
eta nik ez dut inongo kalterik egiten... Zer egingo ote dut orain? Leku
honetan jaio nintzelako ezagutu eta maitatzen dut, baina jendeak bere
inguruan ez nauela ikusi nahi konturatu naiz. Ez dut ulertzen jendeak
zergatik ez nauen ondoan izan nahi. Orain konturatu naiz ez zitzaiela axola
ni kanpandorrean izatea, urruti bainengoen.”
Zikoinak negarrez jarraitzen zuen eta berarengana hurbildu nintzen.
Zikoina honela ikusteak bihotzmina ematen zidan eta zer egin ez jakin
arren, berarengana hurbildu nintzen.
-Zatoz nirekin, zikoina! Zure habia egiteko eta lasai egoteko leku
aproposa topatu dudala uste dut. - esan nion.
Bergentino errementariaren etxera joan nintzen. Oso pertsona
maitagarria zen eta bere aletegian nire lagunekin jolasten uzten zidan
sutegiko hauspoari eragitearen truke. Ondoren berak burdin gorituari
mailuz forma emateko.
-Bergentino! – oihukatu nuen- zure laguntza behar dut zikoina bat
dakart eta.
-A zer garrasiak! Zer diozu zikoina bati buruz? – erantzun zidan
leihotik.
Bere etxetik irten bezain laster, honela esan nion:
- Bergentino, hau da urtero elizako kanpandorrera etortzen den
zikoina. Aurten teilatua konpontzen ari direnez, habia kendu egin diote eta
ezin izan du han gelditu. Benitoren teilatura joan da baina harrika bota du;
ondoren Lumi andrearen teilatura abiatu eta honek ere bidali egin du, eta
urtegi gainean habia eraikitzen ari zela, Kasimirok eta Tomasek ere harriak
jaurti dizkiote alde egin zezan.
- Eta orain, zer nahi duzu? – galdetu zuen Bergentinok.
- Pentsatu dut, agian... axola ez bazaizu, habia zure aletegiko
teilatuan egin dezakeela, honela han ale guztiak zanpa-zanpa jaten ibiltzen
diren sagutxoak jango lituzke eta.
- Ondo deritzot, bai jauna! - erantzun zuen Bergentinok. Eta
beldurturik zegoen zikoinarengana hurbildu eta esan zion:
- Ez izan beldurrik, ez dizut minik egingo. Nire aletegiko teilatuan
gera zaitezke baina horren truke, hemen aurkituko dituzun sagutxoak jatea
eskatuko dizut. Zer deritzozu? Hau bion onerako izango litzateke.
21. Zikoinak goruntz begiratu eta teilatu eder bat ikusi zuen. Azkenean
bere habia egin zezakeela ikusita oso pozik jarri zen eta bere mokoaz: “ke,
ke, ke “..., hotsak egin zituen eskerrak eman nahian.
Bergentino ere poztu egin zen, handik aurrera ez zen bakarrik biziko
eta.
Bergentinorekin joaten nintzen egunero zikoina ikustera eta
batzuetan aletegi inguruan zebiltzan saguak harrapatzen ikusten genuen.
Guk makiltxoak eramaten genizkion, habia eraikitzeko uzten genion guztia
ondo zetorkion eta.
Zikoikumeak jaio zirenenan, Bergantinok prismatikoak utzi zizkidan
hauek gertutik ikusteko. Zoragarriak ziren! Zikoinak bazekien nik lagundu
niola eta horregatik “ke, ke, ke, ...” eginez agurtzen ninduen.
Eta harrezkero, urtero, Bergentinoren aletegiko teilatura etortzen
da, elizako teilatua konponduta egon arren. Badatorrela ikusten dudanean
ziztu bizian joaten naiz berarengana.
GOGOETAK
Zer sentitzen du zikoinak habia kendu diotela ikusten duenean?
Bizilagunek, zergatik ez dute nahi zikoinak habia beraien teilatuan
egitea?
Zikoina zure teilatura etorriko balitz, zuk zer egingo zenuke?
Zikoinak ez daki bizilagunek zergatik ez duten bera onartzen eta negar
egiten du. Besteek baztertzen duten norbait ezagutzen al duzu? Nola
uste duzu sentituko dela pertsona hori?
Bizilagunei, zikoina kanpandorrean egotea ez die axola, baina ez dute
ikusi nahi beraien teilatuan. Zergatik?
Noizbait zikoina bezala, baztertua, sentitu al zara? Zergatik?
Ipuineko zatiren bat edo bukaera alda dezakezu.
Ipuinaren eszenaren bat edo pertsonaia nagusiak marraz ditzakezu.
22. ENPATIA
Emozio egoera honek bestea ulertzeko gaitasuna, bestearen tokian
jartzea, besteen motibazioak ulertzea eta bere egoera afektiboan jartzea
ahalbideratzen du. Enpatia adierazten dugu:
Arazoren bat duen lagun bati laguntzen diogunean.
Sufritzen ari den pertsona kontsolatzen dugunean.
Opari bat egiterakoan jasoko duen pertsonarengan pentsatzen dugunean.
Eskatu aurretik bestearen beharraz ohartzen garenean.
Besteen ikuspuntua ulertzen dugunean.
Besteei interesatzen zaizkien gauzez jabetzen garenean....
AMETS EHULEA
Gaztea izan arren, Nayrak etorkizunean amets ehule bihurtu ahal
izateko oso ondo ezagutzen zuen musikaren ahalmena, txiki-txikitatik amak
belarrira abestiak xuxurlatu zizkiolako. Nayrari abestea asko gustatzen
zitzaion baina bazekien inoiz ez zizkiola inori erakutsi behar abesti magiko
hauek, gauza ikaragarriak gerta zitezkeen eta.
Behin hauetako abesti bat zela eta, taldeko emakume zaharrenak
kontatu zion tribuaren gazteen erdia desagertu zela sorginkeriaz edo, eta
handik hilabete batera inork jakin gabe non egon ziren, ezta beraiek ere,
berriro agertu zirela.
Kontakizun haiek magikoak eta misteriotsuak iruditzen zitzaizkion
Nayrari. Oraindik gazteegia zen sekretu horren arrazoia ulertzeko, baina
isilik egongo zelako hitz eman zuen eta bere hitza sakratua zen.
Aspalditik zuten utzia tribuko gizonezkoek bere arima eta
gorputzaren sendatzearen ardura emakumezkoen esku. Emakumeek,
arbasoen ustez, jaiotzez seinaleak interpretatzeko eta edozein gaitzaren
kontrako sendagaiak aurkitzeko ahalmena zuten.
Eta emakumeak ziren, hain zuzen ere, amets ehulea bilatzeaz
arduratzen zirenak. Aukeratua izango zen galdera korapilatsuei jakinduriaz
erantzuten zekiena, gaixotasunen sendagaiak ezagutzen zituena, abesti
magikoak zekizkiena, sendatzen laguntzen zuten kontakizunak asmatzen
zekiena, ametsen mundura joaten zekiena eta besteen uste osoa zuena.
Orain dela denbora luze bere ama izan zen hautatua, eta orain
Nayra bera zen amaren zeregina betetzeko prestatzen ari zena, taldeko
emakumeek aukeratua izanez gero, jakina.
23. Bitartean amak zekizkien gauzak, musika, landare, harri, animalien
hizkuntza eta ametsen munduari buruzko ezagupena ikasteari ematen zion
denbora. Honekin batera Lurra, Ura, Haizea eta Suaren zeinuak
interpretatzen ere trebatu zen.
Behin batean, mendi tontorrean, sendabelarrak eta ilea apaintzeko
loreak bildu eta kantu sakratuak abesten ari zen, bere laguna Torahi
entzuten ari zela ohartu gabe.
-Zer abesten ari zara, Nayra? -galdetu zion hurbildu bitartean.-
Zure kantak ikastea gustatuko litzaidake.
Nayrak honela erantzun zion:
-Badakizu ondo ezin dudala, zu gizonezkoa zara eta gure herriko
ohiturak dioenez emakumeok gara kantuak ikasi eta abesteko ahalmena
dugunak.
-Baina, inork ez du jakingo, zin dagizut. Zuk bezala abestu nahi dut
zuri entzutean zirrara nabaritzen baitut.
Entzundakoak Nayrari zalantza sortarazi zion. Eskatzen ziona,
debekatuta zegoela jakin arren, ez zuen nahi Torahiri, bere lagun minari,
huts egin.
-Ondo da, bakarra erakutsiko dizut. Baina hitz eman ez diozula inori
esango; zure hitza betetzen ez baduzu, ez dizut berriro jaramonik egingo.
-Zin egiten dizut – esan zuen Torahik harkaitz batean eserita
zegoela.
Nayra aldamenean eseri, begiak itxi eta belarrira melodia bat
xuxurlatzen hasi zitzaion, bitartean mutikoa zerbait berezia gertatzen ari
zitzaiola nabaritu zuen.
Kanta bukatu ondoren, Nayrak begiak ireki eta inguruko animalia
guztiak ikaratu zituen garrasi ikaragarria bota zuen. Torahi bere begi
aurretik laino itxi artean desagertu zela ikusi zuenean, Nayrak beldurturik
tribuko atsoak esandakoa gogoratu eta negarrari eman zion bere lagun mina
galdu ote zuen beldurrez.
Hori pentsatu eta hara non mutikoa bere begi aurrean azaldu zen
berriro, baina ez zen betikoa: Torahi neska bihurtu zen!
-Zer gertatu zait? – oihu egin zuen Torahik oraingo gorpuzkera
ikustean -Nayra, zer egin duzu? Nire laguna zinelakoan nengoen, baina zure
kantak sorgindu nau.
Neskak harritua eta dardarka, begiratzen zuen gertatzen ari zena
ulertu ezinik.
-Barkatu, Torahi, nik ez nekien hau gerta zitekeenik...- esan zion -
Amaren bila noa, berak jakingo du zer egin. Zu hemen gelditu ni etorri arte.
24. Nayra amaren bila korrika aldapa jaitsi eta larriturik kontatu egin
zion gertatutakoa. Amets ehuleak, alabak emandako hitza bete ez zuelako,
gogor errieta egin eta honela esan zion:
-Orain ezin dut ezer egin baina gaua iristean ametsen munduan
sendagaia bilatuko dut eta Torahiri emango. Eskerrak ez dela desagertu!
Nayra, buru makur amak ezin izan zuelako arazoa momentuan
konpondu, bere lagunaren bila abiatu zen.
-Torahi – esan zion -, amak ezin du ezer egin gaua iritsi arte.
Ametsen munduan sendagaia aurkitu ondoren lagunduko dizula esan dit.
-Eta nik, zer egingo dut bada, gaua iritsi arte? - galdetu zion Torahik
etsita. Honela ezin dut herrixkara bueltatu.
-Lasai egon, hemen geldituko gara elkarrekin ama etorri arte – esan
zion.
Baina Torahi oso haserre zegoen eta bakarrik uzteko eskatu zion.
Nayrak triste eta kezkatua alde egin zuen, hala ere amak sendagaila
lehenbailehen aurkituko zuela espero zuen.
Gaua oso luzea izango zela pentsatu zuen mutilak, eta ilunabarra
miresten gelditu zen, Amets Ehulea laster agertuko zelakoan.
Inork ez zekien Torahiren barnean gertatzen ari zena, bera bakarrik
konturatzen zen dena beste era batean sentitzen zuela. Zelaitik zetozen
usai berriak bereizten zituen eta lurraren soinuak lehendabiziko aldiz
izango balira bezala entzuten zituen. Bere zentzumenak sentsazio berriak
deskubritzen ari ziren. Bere gorputza ez ezik, bere buruak ere desberdin
pentsatzen zuen eta bere bihotzak lehen sentitzen ez zuena orain
estimatzen zuen.
Torahik ezin zuen lorik egin, esperientzia hura arrotzegia egiten
zitzaion eta. Ama guztiek sentitzen duten samurtasuna nabaritu zuen
arranoak bere kumeak nola zaintzen zituen ikusiz; zelaiko loreak inoiz baino
ederragoak ikusi zituen. Orduan begiak itxi eta haizeak nola ferekatzen
zuen nabaritu zuen.
Goxo-goxo ilunabarra ikustean erabat hunkitu zen eta begiak malkoz
bete zitzaizkion.
Bitartean Amets Ehulea ondo ezagutzen zuen mundu horretan sartu
zen sendagaiaren bila, eta azkenean. Gaueko Gidariarekin topo egin zuenean
gertatutakoaren berri eman zion. Horrek honela esan zion:
-Torahik bere itxura berreskuratzeko egon, badago abesti bat, baina
gorputza besterik ez duela aldatuko esan beharko diozu. Bere bihotzean eta
buruan, berriz, esperientzia honen oroimena betiko geldituko zaio. Jakin
beharko duzu hemendik aurrera, Torahik baduela zure ezagupenak
jasotzerik, bere barnean mundua ulertzeko bi ikuspegiak bereganatu ditu
25. eta. Zure alabak, aldiz, bere hitza ez du bete eta berarengan konfiantzarik
ezin dugula izan erakutsi digu. Joan zaitez eta emaiozu mezua.
Azalpenak eman eta gero aipatutako kanta erakutsi zion.
Gaueko Gidariak esan ziona buruan zuela, Torahirengana abiatu zen.
Mendi tontorrean bertan aurkitu zuen mutikoa. Esna zegoen bere barnean
gertatzen ari zena hausnartzen.
-Torahi, etorri naiz!- esan zion.
-Iritsi zara azkenean! Nire sorginkeriaren kontrako sendagaia ekarri
al duzu?
Orduan, Amets Ehueleak bere ondoan eseri eta kanta magikoa abestu
zion. Aurrekoan bezala Torahi desagertu zen laino itxian eta berriro
agertzerakoan bere betiko gorputza zeukan.
Torahi pozaren pozez besarkatu eta eskerrak eman zizkion.
-Oso amets bitxi izan dut, dena den uste dut ez nengoela lo. Gaueko
Gidaria ikusi dut eta hurrengo Amets Ehulea ni neu izango naizela esan dit,
baina hori ezinezkoa da, ezta? Emakumea izan behar da....
-Torahi, gauzak alda daitezke, batek daki...Baina, zerbait galdetu nahi
dizut, nola sentitu zara neska izan zaren bitartean?
Eta Torahik, oraindik harritua, gau luze eta berezi hartako bizipenak
kontatu zizkion.
Laster hasi zen ikasten, eta Amets Ehuleak musika, landare eta
harrien sekretuak erakutsi zizkion, animaliekin hitz egiten erakutsi zion.
Eta Lurra, Ura, Haizea eta Suaren zeinuak ulertzen ere ikasi zuen.
Diotenez, Amets Ehulea aukeratu behar izan zutenean, tribuko
emakume guztiek Torahi izendatu zuten eta Nayra bere laguntzailea izan
zen.
GOGOETAK
Ametsen Ehuleak alabari sekretuak kontatu zizkion, baina Nayrak ez
zituen gorde. Noizbait kontatu al dizute sekreturen bat? Gorde
al duzu?
Zergatik nahi zuen Torahik bere lagunak abestiak erakustea?
Zer gertatu zitzaion Torahiri abestia entzun orduko?
Zer sentituko zenuke Torahiri gertatu zitzaiona gertatuko
balitzaizu?
Zure ustez, zergatik hasi zen beste modu batean pentsatzen eta
sentitzen Torahi?
Zer pentsatuko du Nayrak, amak esatean ez dela bere ordezkoa izango?
Zergatik uste duzu Torahi aukeratu zutela Amets Ehule?
26. Ipuineko zatiren bat edo bukaera alda dezakezu.
Ipuinaren eszenaren bat edo pertsonaia nagusiak marraz ditzakezu.
27. BIHOZGABEKERIA
Besteenganako sentimendu ezezkorra, sufrimenduarekiko
bihozgogortasuna adierazten duena. Bihozgabekeria suma daiteke:
Batek ondokoari mina egiteko asmoz iseka egiten dionean.
Ondo pasatzeko animaliei tratu txarrak ematen zaizkienean.
Arazo fisiko edo desberdina den pertsona bati, barre egiten zaionean.
Norbaiti gogoko duen jolas batean parte hartzen uzten ez zaionean.
Norbaitek kritika garratza egiten duenean.
Itxura dela eta, norbait baztertzen denean.
ITURRIAREN MENDEKUA
Antzinako iturria naiz eta denbora luzea daramadanez hemen, ez
naiz gogoratzen noiz jarri ninduten plaza erdian. Ez dizuet herriaren izena
aipatuko inor haserretu ez dadin, kontatu behar dizuedan aspaldiko
gertaera hau oso larria baita.
Herritarrak elkarri egiten zizkioten kritikak egunero entzuteaz
nekatuta nengoen. Norbait iturrira zetorrenean, beste baten zain egoten
zen elkarrekin txutxumutxuka aritzeko.
Guztien arteko harremanak txarrak ziren, denak zeuden elkarren
kontra eta elkarri inbidia zioten. Gertakizun txar baten aurrean elkarri
botatzen zioten errua, benetako erruduna nor zen jakin gabe.
Bi herritar lagunak baziren etsaiak ere bazituzten. Bik borroka
egiten bazuten besteek zirikatzen zituzten. Izengoiti latzak jarri eta iseka
mingarriak egiten zioten elkarri. Honela, eguna joan eta eguna etorri
herriko giroa ez zen batere atsegina.
Gogoan dut egun batean gertatutakoa: Beti bezala, denak batera hitz
egiten ari ziren nire ura alferrik galtzen zen bitartean. Baina, egun hartan
nire pazientziak gainezka egin zuen eta egonezina sortarazi zuen erabaki
gogorra hartu nuen: iturriko ura mingotsa izango zen herriko egoera eta
biztanleen jarrera aldatu arte. Ezusteko galanta!
Esamesak berehala hasi ziren:
-Zer gertatu ote zaio iturriari? zergatik du urak zapore arraro hau?
bai nazka!
Herritar batzuek ura besteek pozoitu zutela zioten. Azken hauek,
nahiz eta inork ez sinistu, salaketa hau ukatzen zuten. Azkenean, herritar
28. guztiek utzi zioten nire ura edateari eta nik neuk bakarrik nekien gertatzen
ari zena.
Herriko biztanle guztiak, ordea, ez ziren krudelak eta maltzurrak. Ba
zen Martin izeneko mutikoa besteak bezain azkarra ez zena eta lagunik ez
zuena. Herriko guztiek iseka eta goitizen asko jarri arren, inozo samarra
zenez, ez zen ezertaz konturatzen.
Ez zitzaidan bidezkoa iruditzen Martinek besteen zigorra jasan
behar izatea eta horregatik berari bakarrik ematen nion ur ona eta
freskoa.
-Martin, ez diozu urari zapore mingotsa hartzen?-esaten zioten ura
normaltasunez edaten zuenean.
-Ura ederra dago, ura besterik ez da... Erantzuten zien.
Orduan Martinek hartutakoa dastatu eta zapore ona zeukala
konturatzean ez zuten ezer ulertzen.
-Zergatik ez da mingotsa Martinek hartzen duen ura?-galdetzen
zuten.
Herriko biztanleen bizitza erabat deserosoa bihurtu zen. Etxeetan
urik ez zegoenez, dendetan erosi edota ondoko herriko iturrira joan behar
izaten zuten.
Azokara produktuak saltzera etorritako ijitoek gertatzen zena jakin
zutenean, hauxe esan zieten:
-Hau ez da gauza ona. Ura mingotsa egoteak, zuen bihotzetan eta
ezpainetan mingostasuna dagoenaren seinalea da.
Denak harrituta geratu ziren. Zergatik zioten hori ijitoek? Baina
oraindik ez zeuden ulertzeko prest.
Martin bihotz onekoa zenez eta bizilagunek zuten arazoa ikusita,
bere burua eskaini zuen ura hartu eta beraien etxeetara eramateko.
Herritarrak harriturik gelditu ziren Martinen eskuzabaltasuna
ikusita, eta berarekin izandako jarreraz damutu ziren. Pixkanaka-pixkanaka
bere izenez deitzen hasi ziren:
-Martin, mesedez, ekar iezadazu ura bazkaria prestatu behar dut
eta.
-Faborez, Martin, ekarriko al zenidake ura afarirako?
Eramaterakoan atseginez esaten zioten:
-Eskerrik asko, Martin...oso jatorra zara.
Martin bere burua estimatzen hasi zen. Orduan zerbait gertatu omen
zen herritarren bihotzetan.
Denek arazo bera zutela eta mutikoaren jarrera ikusita, elkarri
laguntzen hasi ziren:
-Dendara zoaz? Ekarriko al didazu bi botila esne?
-Jakina, ekarriko ez dizut bada!
29. -Ondoko herrira al zoaz? beteko al zenidake ontzi hau?
-Noski emakumea! Ez dit inongo enbarazorik egiten!
Ni neu harritua nengoen herriko biztanleengan emandako
aldaketarekin. Eta beraien bihotz eta ezpainetan mingostasunik ez zegoela
eta zintzotasuna zela nagusi, betiko ur goxoa ematea erabaki nuen.
Handik gutxira, nekatua zetorren kanpotar batek iturriko ura hartu
eta edan zuen. Iturri ondoan zegoen herritar bat harritu egin zen
kanpotarra gustura edaten ari zela ikustean eta ura dastatu egin zuen.
Orduan konturatu zen ura berriro ona zegoela eta ziztu bizian zabaldu zuen
berria:
-Zatozte, zatozte plazara...!
Denak korrika etorri eta ura edatean izugarri poztu ziren.
Orduan ijitoek esandako hitzak gogora etorri zitzaizkien eta esan
nahi zutena ulertu egin zuten.
Harrezkero, plaza erdian egoteaz harro nago, behar duenari ura
ematen eta elkarrizketa atseginak entzuten aritzen naiz. Dagoeneko,
lehengo kontu txarrak ahaztuta ditugu.
GOGOETAK
Ezagutzen al duzu norbait kritikatzea eta izengoitiak jartzea atsegin
duena?
Zure ustez nola sentitzen zen Martin iseka egiten ziotenean?
Inoiz izengoitiren bat jarri edo iseka egin dizute?
Gustatuko litzaizuke ipuin honetako herrian bizitzea?
Zer iruditzen zaizu iturriak egin zuena?
Iturria izan bazina zer egingo zenukeen?
Noiz hasi ziren elkarri laguntzen? Zergatik?
Ipuineko zatiren bat edo bukaera alda dezakezu.
Ipuinaren eszenaren bat edo pertsonaia nagusiak marraz ditzakezu.
30. LOTSA
Besteek espero ez duten bezala edo kode-kultural jakinen arabera
jokatu ez dela sentiarazten duen deserosotasun sentipen moral latza.
Sentipen hau nabari da besteen ongizate edo eskubideei erasan ez dieten
ohiko arau sozialak hausten direnean. Lotsa senti liteke:
Beste pertsonen jarrerarengatik.
Jende askoren aurrean hitz egitean.
Besteak iaioak diren zerbaitetan gu ez garenean.
Jende berria ezagutzean.
Konturatu gabe zerbait gaizki egiten dugunean.
Gure gaitasunak jendaurrean ezagutaraztera behartzen
gaituztenean.
Norbaitek barregarri uzten gaituenean.
ELENAREN ANAIA
-Ama! Aita! Elenak bizia salbatu dit! –esan zuen Patxik etxeko atetik
sartu bezain laster.
Elena isilik geratu zen. Bazekien goiz hartako abenturak azaltzeko
momentua iritsi zela, beraz istorioa hasieratik kontatzen hasi zen.
Uda zen eta bero handia zegoen. Elena anaia Patxirekin auzoko
igerilekuan zen, ura oso gustukoa baitzuen eta bai baitzekien igerian.
- Elena, zatoz gurekin –esan zioten bere lagun Laura eta Intzak.
- Berak ez zekien zer egin: amari anaia Patxi, adimen urrikoa zena,
zainduko zuela hitz emana zion. Lotsa ematen zion, ordea, lagunek jakiteak
arazoak zituen anaia zuela, horregatik, ez entzunarena egin zuen.
- Elena, zergatik ez zatoz gurekin bainatzera?
Lagunak gehiegi hurbildu zitzaizkion, eta erantzun behar izan zien:
- Banoa! Nire gauzak hartu behar ditut. Aurreratu zaitezte eta
oraintxe joango naiz.
Anaia zaindu nahi zuen, baina baita lagunekin egon ere, beraz, esan
zion Patxiri:
- Patxi, mesedez, gera zaitez hemen mugitu gabe ni etorri arte,
konforme? Etorri bezain laster elkarrekin uretara joango gara. Ondo
iruditzen al zaizu?,
- Oso ondo, Elena, hemen geratuko naiz.
31. Elena poz-pozik joan zen Laura eta Intzarekin bainatzera. Ezin zuen
pentsatu ere egin geroago gertatu behar zuena.
Patxiri denbora luzea pasatu zela iruditu zitzaionez, arrebaren bila
joatea erabaki zuen, baina hura oso leku handia zen eta beldurtzen hasi zen.
Denbora luzez bila ibili ondoren topatu eta dei egin zion.
- Elena, Elena,! Bainatu egin nahi dut!
Elenak entzun ez balio bezala egin zuen, baina Patxik igerilekuaren
beste aldetik berriro deitu zion.
Lagunek esan zioten:
- Nor da hori? Badirudi zuri deika ari dela.
- Bai zera, beste norbaitekin nahastu nau ziurrenik –eta Elenak
uretan jarraitu zuen lagunekin jolasean.
Patxi igerileku ertzera hurbildu eta dei egin zion, baina Elenak ez zion
jaramonik egin. Orduan, igerileku ertz-ertzean zegoela konturatu gabe
gehiago hurbildu eta uretara erori zen.
Elenak ikusi zuenean, berehala joan zen garrasika ari zen
anaiarengana eta esan zion:
- Ez kezkatu, banoa! – eta eskaileratxo batzuk eskuratzen zizkion
bitartean.
Igotzen lagundu eta bere toaila eman zion.
- Patxi, esan dizut handik ez mugitzeko eta nire zain egoteko –esan
zion haserre.
- Baina, bero nintzen eta bainatu nahi nuen –erantzun zion Patxik
negarti, errieta egin dioten baten antzera.
Elenaren lagunek egoera ulertu ezinik galdetu zioten:
- Elena, nor da mutil hori? Ezagutzen al duzu?
- Bai, anaia dut –erantzun zuen lotsatuta lurrera begira.
- Eta zergatik ez diguzu lehenago aurkeztu?
Elenak lotsatuta esan zien:
- Arraro samarra baita..., adimen urrikoa da eta ume txiki bat
bezalakoa da ni baino zaharragoa bada ere.
- Anaiarekin lotsatzen zara? –galdetu zion Laurak-. Nik arazoak
dituen anaia edukiko banu, harro sentituko nintzateke berari lagundu eta
berarentzat garrantzitsua izateaz.
- Tira... nik ulertzen dizut... niri berdina gertatuko litzaidake... –esan
zuen Intzak.
Laurak suminduta begiratzen zien biei, Patxi bitartean,
elkarrizketatik kanpo, bere burua lehortzen ari zen.
Eta zuek antzeko arazoren bat edukiz gero, gustatuko al litzaizueke
zuekin lotsatu eta jendearengandik ezkutatuak izatea? –galdetu zien Elenari
eta Intzari.
32. Biak pentsakor geratu ziren zer erantzun jakin gabe. Patxi altxatu
eta arrebari esan zion:
- Elena, bizia salbatu didazu. Maite zaitut –eta musu eman zion.
Elena izugarri hunkitu zen: anaiak arrebarekin maitagarri jokatzen
zuen bitartean, arreba honekin lotsatzen zen. “Eskerrak konturatzen ez
den”, pentsatu zuen.
Laura Patxirengana hurbildu eta esan zion:
- Kaixo Patxi! Laura dut izena eta zure arrebaren laguna naiz –eta
musu eman zion.
Intza, une batean zalantzan egon zen baina azkenean bostekoa
emateko keinua egin zuen bere burua aurkezteko asmoz.
- Intza nauzu eta ni ere zure arrebaren laguna naiz.
Baina, Patxik honengana jo eta pot eman zion. Patxi erabat pozik
zegoen hainbeste musurekin eta esan zion irrifartsu:
- Patxi nauzue, Elenaren anaia, munduko arrebarik onenaren anaia.
Elena gorritu egin zen eta denak barrezka hasi zitzaizkion.
- Zergatik ez gara denok elkarrekin bainatzen? –proposatu zuen
Laurak. Hondoak jotzen ez duen aldera joan gaitezke Patxirekin egoteko.
Zer deritzozue?
Laurek oso ondo pasatu zuten goiza eta ia konturatu gabe, etxera
bazkaltzera itzultzeko ordua iritsi zen.
Orain gurasoak pare-parean zituen eta anaiari bizia nola salbatu zion
azaldu behar zien.
Elenak goiz hartan igerilekuan gertaturiko guztia ez zuen kontatu,
laburpen txikia baino: Patxi igerilekura erori zela eta berak ateratzen
lagundu ziola.
Gurasoek hori entzun ondoren, esan zioten:
-Eskerrik asko anaia zaintzeagatik, badakizu gure laguntza behar
duela. Oso harro gaude zurekin.
Elenak Patxiri begiratu eta une batez haren lekuan jarri zen. Orduan
onartu zuen goiz hartan Laurak izugarrizko eskarmentua eman ziola.
GOGOETAK
Zergatik lotsatzen zen Elena bere anaiaz?
Arazorik eduki, adimen urrikoa izan edo eta elbarritasunen bat
duen anaia izango bazenu, zure lagunek jakiteak lotsa emango
lizuke? Zergatik?
Elenaren bi lagunak berdinak al dira?
Nola uste duzu sentitu zela Patxi uretara erori zenean?
33. Patxi erori izanaren errua norena zela uste duzu? Patxirena edo
Elenarena?
Elenarekin hitz egiteko aukera izango bazenu, zer esango zenioke?
Asma ezazu antzeko istorio bat.
Egin ezazu istorioarekin zerikusia duen marrazkia.
34. NORBEREGANAKO KONFIDANTZA
Norberak duen balioaren eta gaitasunaren sentimendua. Hau da,
norbera ari den horretan sinestea, alde sendoak eta ahulak jakinda; baina
beti ere, arreta handiena eskainiz norberak duen gaitasunari. Geure
buruarenganako konfidantza senti dezakegu:
Zailtasunak gainditu ondoren.
Ondokoen balorazio positiboak entzutean.
Egindako gauzak ondo ateratzen zaizkigunean.
Ondokoek konfidantza erakusten digutenean.
Maite gaituztenontzat garrantzitsuak garela sentitzean.
Egin dugun hutsegite edo okerrari aurre egiteko gauza garenean.
Autoestima egokia daukagunean.
OROIMENA GALDU ZUEN PRINTZEA
Bazen behin, oso gutxik ezagutzen zuen erresuma eta, gainera, hara
iristea oso zaila egiten zena, mendi garai bateko tontorrean, munduko
mendi tontorrik altuenean, baitzegoen.
Egun batean erregeak semeetariko bati deitu esan zion:
- Seme, gure erreinuko tradizioari jarraikiz eginkizun oso
garrantzitsu bati ekin behar diozu. Egunen batean adore proba bat gainditu
beharko duzu ni ordezkatzeko, zure adineko printze guztiek bezala.
Urruneko herrialde bateko kobazuloan, suge arriskutsu baten babespean
ezkutatuta dagoen perla zoragarria berreskuratu beharko duzu. Han
bertakoek zertan zabiltzan ez dute jakin behar eta horretarako zure itxura
eta arropa aldatu, beraien ohituretara moldatu eta beraien hizkuntza ikasi
beharko duzu, baina, mesedez seme, ez sekula ahaztu zure eginkizuna.
Printzea bidaiarako prestatu zuten eta urruneko herrialdeko
mugaraino lagundu zioten. Behin hara iritsita, bakarrik utzi zuten.
Herri batera zeramala zirudien bide-zidor batetik oinez zihoala,
gizaseme batzuekin egin zuen topo. Hauek, bidaide zutelakoan, berarekin
hitz egin eta bazkaldu zuten.
Bertako biztanleek harrera beroa egin zioten, etxea, lana eta jatekoa
eskaini zizkioten eta pixkanaka bertara eraman zuen eginkizuna ahaztu egin
zitzaion pixkanaka. Bertakoa egin zen, hizkuntza eta ohiturak ikasi zituen
eta besteak bezala janzten zen.
Aita kezkatua zegoen semearen berririk ez zuelako, hortaz mezulari
sekretuak bidali zituen eta hauek bueltan semearen egoera tamalgarriaren
35. berri eman zioten. Nor zen eta zertara joan zen ahaztuta zeukan, hain
egokitua eta gustura baitzegoen. Egoera ikusita, hegazti mezularia bidali
zioten printzeari zertara joana zen gogorarazteko.
Gau batez, printzea lotan zegoela, kolpetik esnatu zen baten batek
zera xuxurlatu zionean: “Printze gazte hori, esna zaitez eta gogora ezazu
nor zaren eta zertara etorria zaren”.
Begiak ireki eta hegan zihoan hegaztia ikusi zuenean gogoratu zuen
perla zoragarria berreskuratzeko etorria zela.
Printze gazteak ez zekien perla babesten zuen sugetzarrari aurre
egiteko nahikoa adore izango zuen, baina erregearen semea zela gogoratu
zuenean indartsu sentitu zen. Sugea bizi zen kobazulorantz abiatu zen eta
erreinuan ikasitako sorginkeria eta soinuen bidez sugetzarra lokartu eta
perla zoragarria eskuratu zuen.
Ordura arte erabilitako arropak erantzi eta printzearenak jantzi nahi
izan zituen, baina denbora hartan asko hazi zenez ezin izan zuen.
Oso pozik abiatu zen herrialdera agindutakoa bete zuelako.
Iritsi zenean harrera beroa egin zioten. Bere mailari eta neurriari
zegozkion jantziak eskaini zizkioten, bistakoa baitzen herrialde urrun
hartan izan zen denboran hazi egin zela.
Gortean perla zoragarria berreskuratu eta proba gainditu zuelako
zoriondu zuten. Gainera, bueltan etorri zitzaien printzea ezberdina zela
konturatu ziren, bai kanpotik bai barrutik aldatu baitzen.
Eta kontatzen dutenez, errege izan zenean zintzotasunez eta
jakinduriaz jokatu zuen.
GOGOETAK
Ipuineko zein zati gustatu zaizu gehien?
Erregeak semeari proba bat ezarri zion. Zuk zer egingo zenuke
perla eskuratzea eskatuko balizute?
Inoiz ezer ahaztu al zaizu/duzu edo oroimen onekoa zara?
Zer egin zuen printzeak oroimena berreskuratu zuenean?
Sugetzarrari aurre egin zionean bere adorea zalantzan jarri zuen
benetan nor zen jabetu zen arte. Inoiz gertatu al zaizu
horrelakorik?
Kezkatzen zintuen arazoren bati irtenbidea eman ondoren nola
sentitu zara?
Zer egingo zenuke printzeari nor zen eta zer egin behar zuen
gogorarazteko?
36. Ipuinari jarraipena eman diezaiokezu edo zatiren bat alda
dezakezu. Zuk zeuk beste proba batzuk asmatu ditzakezu edo
printzeari eginkizuna betetzen lagundu.
Egin ezazu istorioarekin zerikusia duen marrazkia.
HASERREA
Zerbait egin nahi izan eta ezin egiteak sortzen duen frustrazio
sentipena. Gure eskubideak errespetatzen ez direnean, iruzur egiten
digutenean,... sortzen den erreakzio suminkorra. Haserretu gaitezke:
Irain, mehatxu edo eta tratu txarrak jasaten ditugunean.
Desio genuen zerbait lortzen ez dugunean.
Injustiziak ikusten ditugunean.
Besteek gauzak guk nahi ditugun bezala egiten ez dituztenean.
Estresatuegiak gaudenean.
Tristura eta ahultasun sakona ezkutatzeko erabiltzen dugunean.
Planifikatutakoak porrot egiten duenean.
IZARRETAN IBILALDIA
“Bat, bi, hiru, lau, ... hamar. Hori da izar emana dagoena zeruan! Ezin
ditut zenbatu ere egin!”
Tesik ez zekien hainbeste izar kontatzen, gainera, pilatuta zeudenez
nahastu egiten zen. Belarretan etzanda, zerura begira amona zetorkion
gogora, bere bizitzako pertsona garrantzitsuena eta ia ama adina maite
zuena.
Teresa zuen izena, gehienek ordea Teresita deitzen ziotenez, amonak
Tesi deitzea erabaki zuen. Guztiz gustukua zuen izena, eta gainera, berari
bakarrik eskainia.
Amaren zain elkarrekin pasatzen zuten denboran, amonak irakurtzen,
kantatzen eta dantzan irakatsi zion.
Horixe zen gehien gustatzen zitzaiona: dantzatzea eta irakurtzea,
nahiz eta oraindik ez zuen helduek bezain azkar irakurtzen. Amona irakasle
lanetan aritua zen. Nabari zitzaion haurrei irakastea gogoko zuela, egun
erretiratua zegoen baina.
Hala ere, Tesiri amonaz gehien gustatzen zitzaiona bere irribarrea
eta entzuteko gaitasuna ziren. Amak ez zuen denbora gehiegi izaten, beraz,
arazo edo zalantzaren bat zuenean amona Josefinarekin hitz egiten zuen
Tesik.
37. Behin Tesik galdetu zion:
- Amona, zergatik oihukatzen didate gurasoek haserretzen direnean?
Batzuetan ez dakit zergatik haserretzen diren ere...
Amonak erantzun zion:
- Zure gurasoek lan asko egiten dute eta guztiz nakatuak iristen dira
etxera. Ondorioz, edozerk jartzen ditu urduri. Etxean ere lan egin behar
izaten dute, eta honek, haserrearazi egiten ditu. Baina, ez zuen arrazoi
horrek konbentzitu Tesi eta hizketan jarraitu zuen amonarekin.
- Lehengo egunean edalontzi bat erori eta puskatu egin zitzaidalako,
ama neurekin haserretu zen. Helduei ez al zaie inoiz ezer erori eta
puskatzen? Atzo zereal kaxa armairuan sartu nahian, nahigabe, lurrera bota
nuen eta berriz ere nirekin haserretu zen.
- Helduoi ere gauzak erori eta puskatzen zaizkigu nahi gabe, baina
amak uste du zurekin haserretuz gero, hurrengoan kontu handiagoz ibiliko
zarela.
- Orduan zergatik ez dit esaten kontu handiagoz ibiltzeko oihurik
egin gabe? Hobeto ulertuko nuke.
Amona Josefinak Tesik gurasoak ulertzea nahi zuen. Ados ez zegoen,
ordea, haurrarekin hainbestetan haserretu eta ohiuka aritzearekin, haurra
txikia zelako eta oraindik ikasten ari zelako. Honela bada, irribarre egin,
besarkatu eta jolas bat proposatu zion.
- Amak txikitan irakatsi zidan jolas dibertigarri bat azalduko dizut
Tesi: gauzak okertzen direnean, zurekin haserretu edo zu haserretzen
zarenean imajina ezazu zeruko hodei bati hots egiten diozula eta jaistean
gainean jartzen zarela; orduan sakonki arnasa hartu eta ahopean esango
duzu: “lasai, Tesi, lasai”. Errepika ezazu bizpahiru aldiz hodei gainean
zaudela imajinatzen duzun bitartean. Ikusiko duzu hobeto sentituko zarela
eta ez zarela urduri jarriko. Niri lasaitzen ikasteko lagundu zidan eta baita
nire ikasle guztiei ere.
Gauean Tesik ezin zuen loak hartu, amari telefonoz deitu ziotela
esatea ahaztu eta berarekin haserretu baitzen. Amak ez zion oherakoan
musurik eman. Jolasarekin gogoratu zen eta zerutik jaitsi eta bere bila
zetorren hodeia imajinatu zuen. Orduan esan zion bere buruari: “Lasai, Tesi,
lasai” eta bat batean ahots bat entzun zuen:
- Nora eramatea nahi duzu?
Hodeia hitz egiten entzun zuenean beldurtu egin zen Tesi, baina
gehiegi pentsatu gabe esan zion:
- Izarretan ibilaldia egin nahi dut.
Esan eta egin: Hodeia leihotik atera zen Tesi zirraraz beterik gainean
zeramala.
38. Pixka bat igo eta azpian etxeak ikusi zituen, gehixeago igo eta hiria
ikusi zuen, gehiago igo eta penintsulako mapa ikusi zuen eta gorago jo
zutenean Lurra ikusi zuen: izugarri polita zen. Izarrak ikusten hasi zen.
Hodeiak esan zion:
- Ibilaldi motza egingo dugu, neuk ere lotara joan behar dut eta.
Tesiri ametsetan ari zela iruditzen zitzaion: Izarren artean hegan
zebilen eta hauek keinu egin eta ongi etorria egiten zioten.
- Kaixo Tesi!
- Ezagutzen al nauzue? -galdetu zien.
- Bai, ezagutzen zaitugu: zu guri begira zaudenean, gu ere zuri begira
gaude.
Tesik, begiak zabal-zabalik, hara eta hona begiratzen zuen.
Itzulera azkarragoa izan zen eta laster ohean zegoen berriro ere.
- Lasaiago al zaude? –galdetu zion hodeiak – Ibilaldia gustatu izana
espero dut, amona Josefinaren oparia zen.
- Amonaren oparia?
- Bai: badaki datorren astean zure urtebetetzea dela eta ustekabean
harrapatu nahi zintuen: Berak eskatu zidan zure bila etortzeko.
Tesi erabat txundituta zegoen, hala ere, hain nekatua zegoenez, loak
hartu zuen. Hurrengo egunean eskolatik irten zenean, amona noiz iritsiko
irrikitan zegoen.
- Amona, amona bart gauean zuk irakatsitako jolasean aritu naiz,
hodei bat etorri da eta izarretan ibilaldia egin dugu!
Tesik amonari bidaia kontatu zion, amonak adi-adi entzuten zion
bitartean eta esan zion:
- Beno, amets polita izan duzula uste dut.
- Ez zen ametsa amona! Egia zen!
- Entzun Tesi, neuk ere zure adina nuenean bidaia zoragarriak egiten
nituen, lo nengoela gizaki harrigarriekin topo egin eta beraiekin hitz egiten
nuen, beste planeta batuk bisitatzen nituen, arrainekin igerian ibiltzen
nintzen, txoriekin hegan egiten nuen eta hori guztia niretzat erreala zen.
Zazpi urte bete nituenean dena aldatu zen. Baten batek esan zidan amets
horiek guztiak tontakeriak zirela eta horrexegatik esperientzia haiek
ahazten hasi nintzen. Orain, ordea, konturatzen naiz oker zeudela eta
bizitza osoan zehar amets egitea oso garrantzitsua dela.
- Amona, datorren astean zazpi urte beteko ditut. Amets egiteari
utziko al diot orduan?
- Ezetz espero dut Tesi, amets egiteari uzten diozunean zahartzen
hasiko zara. Zuk amets egiten jarraitzea nahiko nuke eta amets horiek
gogoratzea.
39. Tesi konturatu baino lehen iritsi zitzaion urtebetetze eguna, eta jaso
zituen oparien artean gehien gustatu zitzaiona izartxoz beteta zegoen
paper batean bildutakoa izan zen. Itsatsita zuen hodei formako pegatinak
zera zioen: “Tesirentzat, amona Josefinaren partez”. Letra handiz
“Ametsen egunerokoa” idatzita zuen libreta zoragarria zen.
40. GOGOETAK
Nola sentitzen da Tesi gurasoak berarekin haserretzen direnean?
Inoiz sentitu al zara horrela?
Zergatik uste duzu gurasoak haserre dituela?
Tesi bazina, zer esango zenieke?
Zer egiten duzu haserretzen zarenean?
Tesiren amonak lasaitzeko jolas bat irakatsi zion. Ezagutzen duzu baten
bat?
Gustatuko al litzaizuke izarretan ibilaldia egitea?
Tesiri bere ametsak idazteko eguneroko bat oparitu diote. Zuk ere
idatzi edo marrazten dituzu zure ametsak?
Asma ezazu antzeko istorio bat.
Egin ezazu istorioarekin zerikusia duen marrazkia.