1. GHK-k eta Sasietako Mankomunitateak akordio bat lortu dute
eta Kontsortzioaren Asanbladak berretsi egin du
Hondakinen Kontsortzioaren Asanbladak gaur arratsaldean berretsi du GHK-k eta Sasietako
Mankomunitateak izenpetuko duten lankidetza-hitzarmena, erakunde bien artean lortutako
akordioaren ondorioz.
Akordio horren arabera, Sasietako Mankomunitateak aldi baterako eta behin-behinean emango du
Sasietako eta Tolosaldeako Mankomunitateetan egunero bildutako etxe-jatorriko errefusa ez-
birziklagarria eta biohondakinak transferitzeko zerbitzua, Beasaingo Sasieta hondakindegian aldi
baterako kokaturiko transferentzia-estazio baten bitartez.
Sasietako Mankomunitatea arduratuko da Sasietako eta Tolosaldeako Mankomunitateen
esparruan edukinontzi bidez edo atez ate bildutako etxe-jatorriko errefusaren harreraz eta
edukinontzi marroi bidez edo atez ate bildutako etxe-jatorriko biohondakinaren harreraz.
GHK-k izango du, bestalde, biohondakina eta errefusa unean-unean aukeratuko diren tratamendu-
plantetara garraiatzearen ardura, baita inausteen kudeaketarena ere (ikuskaritza, balioztatzea,
birrintzea, etab.)
Zerbitzua jasotzeagatik, GHK-k hilean 27.000 euro ordainduko dio Mankomunitateari.
Estazioaren bidez Gipuzkoako 50 udalerriren (128.000 biztanleren) beharrei erantzungo zaie, eta
urtero 30.700 tona inguru hiri-hondakin transferituko da (15.400 tona errefusa eta 15.300 tona
biohondakin).
Aurreikusitako azpiegiturak abian jartzerakoan izan den atzerapenak –horietako batzuk oraindik
eraikitzen hasiak ere ez dira–, eta beste batzuk eraikitzeko plangintzarik ezak oso eragin
kaltegarria izan dute bere garaian egindako programazioan, eta ezinbesteko bihurtu dute
hondakindegiaren prestazioak hondakinen transferentzia-estazio baten bitartez eman beharra.
Tarifen igoera
Bestalde, GHKren zuzendaritzak proposatuta, Hondakinen Kontsortzioak mankomunitateei ematen
dien zerbitzuen tarifak igotzea onartu du.
Igoera hori GHK-k 2012tik dituen desoreka finantzario eta galeren ondorioa da, baita azken
urteetan aurrekonturik egin ez izanaren ondorioa ere. Egoera horretan, GHK-ko egungo
zuzendaritzak aurrekontu orekatu batzuk aurkeztu behar izan ditu, % 20ko igoerarekin, gutxi
gorabehera, 2016ko ekitaldiko hiri hondakinen goi-kudeaketako zerbitzuen tarifan. Igoeraren
xedea da Kontsortzioaren eta GHKren kostu guztiak estali ahal izatea.
Orobat onartu da bio-hondakinen bilketaren hobarien mailakatze bat, % 15 eta % 35 bitartekoa.
Hobaria handiagoa izango da zenbat eta handiagoa izan bio-hondakinen bilketa.