Grand Place Journal pp155 157 'Postindependentzia' (Dr Igor Calzada) reviewed by Dr Mitxelko Uranga
1. PostIndependentzia
#HanIzanikHonaGara
Mitxelko Uranga
Filosofian doktorea
PostIndependentzia dugu, Translokal argitaletxe berriaren bitartez, Igor Calzadak
atera berri duen liburuaren izenburua. #HanIzanikHonaGara, berriz, Sarrionandiari
omenaldia eginez, autoreak hautatutako azpititulua. Hitzak ez dira hutsalak, ondo
aukeratutakoak baizik, testuaren jomuga eta bidea adierazten baitute. Testu honetan
soziologoak, ume zirriborrogile gisa, munduan euskaldunok jarraitu beharreko ekintza
estrategiko bateratuak agertzen ditu, nahi dugun lekua lortu bidean: barnetik kanpora eta
kanpotik barrura pentsatzen hasteko beharraren aldarri ozena. Aitari eskainitako testu
honek, hitz gutxitan, iragana ahaztu barik etorkizuna zirriborratzen hasteko beharra
nabarmentzen du.
PostIndependentzia izeneko lan borobil honetara hurbiltzen den irakurleak, beraz,
ez ditu hausnarketa hutsalak topatuko, doktore tesia abiapuntu izanik, ondo perfilatutako
estrategia praktikoak baizik. Izan ere, gaia ez da berria Calzadarentzat, eskarmentu handiko
soziologo honek aspalditik ekin baitio gaiaren ikerketa mardulari. Deustuko eta Helsinkiko
unibertsitateetan doktoretza ikasketak egin dituen ikertzaile honek, AEBetako Nevadako
zein Erresuma Batuko Oxfordeko unibertsitateekin elkarlanean dabilen enbaxadore
bihurturik, urteak daramatza Euskal-Hiriaren ingurukoak ikertzen.
PostIndependentzia dugu, beraz, helburu. Haatik, liburu honetan hainbeste direnez
helburua lortzeko jorratu beharreko gaiak, zirriborratu beharreko mapak, helburua erabat
definitu bainoago, helburuak zeintzuk ez diren nabarmentzen tematzen da autorea.
Aipatutako gai guztietan sakontzerik ez baitago halako testu batean. Gauzak horrela,
helburu nagusi bakarra dago: PostIndependentzia, “5 urteren buruan Euskal Herrian
irekiko den eszena erreal baina prospektiboa definitzen hastea”. Kontuz, definitzeak ez
baitu zehaztu edo determinatu adierazi nahi, zirriborratubaizik, bideak zabaldu ahal izateko
zirriborratu egin behar baita lehenengo.
Orain, zeren gainean hasi behar dugu zirriborratzen? Logikoa denez, ezer eraiki ahal
izateko, Calzadak badaki materiala, lekua, unea eta langileak hautatu beharra dagoela. Eta,
noski, elementu horiek guztiak biltzen eta harremanetan jartzen dituen xede bat, zentzu bat.
Sare bat eraiki beharra dago: nodo sendoak dituen sare bat. Ostera, eraikitzean suntsitzen
motaren bat eskatzen du.
Independentzia mugimenduen zein estatu-nazioen postabertzaletasunaren
biziberritzearekin, Calzadak nortasunaren eta lurraldearen inguruko eztabaidari heldu behar
dio ezinbestean. Autoreak argi dauka: haize berriekin batera, euskal sistemak susperraldia
behar du. Nola suspertu behar du, berriz? Zein da gure mapa? Zein da gure tokia
munduan? Zer eskaini diezaioke euskaltasunak munduari?
Ezer baino lehen, azken aldian euskal pentsalarien artean loratzen hasia den
korronte kritiko berriaren eskutik, zenbait euskal oinarri moderno jartzen ditu hankaz gora.
Nolabaiteko Derridaren gisako dekonstrukzioari helduz, puzzlea desegin eta berregiten
saiatzen da Calzada, oraingo honetan puzzlearen pieza batzuk baztertu eta bestelako
elementu berriak sarrarazi behar baditu ere. Irudimena bidelagun, ume jostalari eta zindoak
bezala, Euskal Herria zirriborratzea aldarrikatzen du. Izan ere, herri bat ez du oroimenak
eratzen, ekintzak baizik. Bidea egin behar da, eta gure esku dago egitea.
HanIzanikHonaGara, mantra, –lurrak, nortasunak eta sareek osatutako hiruki santua–
dugu Calzadak zirriborratutako estrategia, ume zirriborrogileen komunitate translokalak
egituratzen hastea, dagoeneko independentzia gauzaturik balego bezala funtzionatzen
hastea. Hots, tigreak ehizatu behar dituzten milaka erleek osatutako sarea.
2. Lurraldeari dagokionez, Zazpiak Bat agertzen den maparen gainean hasi behar dugu
zirriborratzen, lur zati eta eremu berriei lekua utziz. Halaxe, euskal geografiak hartu
beharko lituzke kontuan, Zazpiak Bat nostalgikoaz gainera, Diaspora eta cybereuskadi
izendatzen dituenak. Euskal Herria kontzeptua dekonstruitu, gure lurraldea sare gisa
ulertzen hasteko. Nazio irudi modernoak baztertu beharra dago, soziologoaren ustez,
aldaketa globaletara egokitu ahal izateko. Lehendabizi, ekintza eta bidea, izenak ondoren
etorriko baitira.
Globalizazioaren garaian translokalitatea litzateke ikusmira; ez soilik
lurraldetasunaren ikuspegitik, nortasunaren ikuspegitik ere ezinbestekoa baitzaigu. Lokaletik
globalera eta globaletik glokalera pasatzean, Euskal Herria lurralde translokal moduan
ulertzen eta kudeatzen hastean, Gua ere Besteakekin interdependentzia harreman baten
barruan ikusten hasi beharko genuke. Gua Besteek eratzen baitute: “Gu ez gara Besteak ez
badu zilegitzen gu hori izatea”.
Sareek –fisiko, sozial eta digitalak– lotzen dituzte lurralde eta nortasun kontzeptuak;
hots, lurraldea eta nortasuna “gizarte-sareen ateko hartu-emanen ondorio gisa ulertu eta
estrategiak planteatzen hastea” iruditzen zaio, beraz, ezinbestekoa Calzadari. Laburbilduz,
nazioartearekin batera, izatera iritsi nahi dugun subjektu kultural, linguistiko, ekonomiko eta
politikoa eratu beharra dago, subjektua zer nolakoa izango den aldez aurretik definitzerik ez
dagoen arren. Bidea egin behar da, gure esku dago, eta hori ezinezkoa litzateke etengabeko
jardunean egon behar duten komunitate translokalak gauzatu barik.
Kanpotik barrura eta barrutik kanpora begiratzen ikasi behar dugulakoan dago
Calzada. Gua ezin baita Besteak gabe izan: lurralde bat ezagutzeko besteekin parekatu
beharra dago. Soilik besteak aurrean jarriz, ispilua bailiran, agertuko dira Euskal Herriaren
indargune eta ahulguneak. Gauzak horrela, eskuizkribuak Euskal Herria, Portland, Dublin,
Oresund, Iceland, Liverpool/Manchester, Scotland eta Catalonia jartzen ditu aurrez aurre,
ondo aukeratutako faktoreak kontutan harturik.
Arestian aipatutako hiri-eskualdeen aplikazio konparatiboaren gaineko begiradaren
ondorioz, Calzadak, bost sistematan oinarrituz, eraiki beharreko euskal hiri-eskualdearen
bost zutabeak zirriborratzen ditu: 1. URBS: lurra behar da, desagertu nahi ez bada; 2.
CYBER: harremanak behar ditugu; 3. CIVITAS: aniztasuna eta hiritartasuna bermatua
behar dugu konfliktoak ekiditeko; 4. POLIS: gobernantza egitura eta dinamika partekatuak
behar dira; 5. DEMOS: sistema demokratiko irekia, justu, etikoa eta bizia behar dugu. Soilik
horrela hasiko gara gure lurraldeak city-region edo hiri-eskualde gisa ulertzen.