Successfully reported this slideshow.
We use your LinkedIn profile and activity data to personalize ads and to show you more relevant ads. You can change your ad preferences anytime.

Ertzak

140 views

Published on

Beasaingo 'Euskal liburuak kalera' ekimeneko ekitaldirako sortutako testua. Bigarren edizioa izan da aurtengoa.

Published in: Education
  • Be the first to comment

  • Be the first to like this

Ertzak

  1. 1. Ertzak Bilobarik izatea zer den jakin gabe hil zen gizona, eurentzako txokolatezko edo txorizo ogitartekorik prestatu ezinda, eta soldaduska garaian, komunean sartu eta neska-lagunak bidaltzen zizkion gutunak papera zimur-zimur egin arte irakurtzen zituela kontatzeke. Egun argiz ordu erdiko atsedena hartzeko ere astirik gabe dabil emakume heldua. Benidormeko bazterrak irudikatzen ditu, etxeko altzarien gainazalak trapuarekin igurzten dituen bitartean, eta emakume pentsiodunei erretiroa noiz iristen ote zaien galdetzen dio bere buruari. Lantokiko kezkaz beterik etxeratu da ingeniaria, hamar orduko lanaldia amaitu eta gero. Unibertsitate-ikasketak eginda hobeto biziko zela sinestarazi zion oro madarikatzen ari da. Gauez, Uruguaiko presidente izandako Pepe Mujikaren bideoak ikusten ditu Youtuben, eta malkoz betetzen zaizkio begiak, furgoneta, etxea eta gainerakoak, berreskuratzerik izango ez duen bizitzako denboraz erosi dituela gogorarazten dionean. Beasaingo osasun-zentroa garbitu eta Ordizia aldera oinez doa senegaldarra, praktikak amaitzean lanik topatuko ez duen beldurrez. Afrikan dagoen zortzi urteko semea Whatsappez bidalitako argazkietan ikusten du hazten baina, hala ere, hortz zuriak erakusten ditu ia beti, badakielako itsasoaren beste aldeko lurra zapaltzerik izan ez duen oin ugari dagoela uretan. Matematikako klasean poema bat idazten ari da nerabea, ezkerrean eserita dagoen ikaskideari begi-zeharka begiratzen diola. Institutuko eskolak amaitu eta gero, ingelesa eta alemana ikastera joan behar du eta irakasle partikularra etorriko zaio etxera ondoren, ekonomia eta matematikarekin laguntzera, gurasoek argi esan baitiete seme-alabei, ume koskorrak zirenetik, oso harro sentituko direla ekonomian eta medikuntzan graduatzen diren egunean. Aitaren etxera joateko maleta prestatzen ari da bost urteko haurra, eta Kamil hartza sartu du lehendabizi eramatekoen artean. Asteroko etxe-aldaketan galdutako jostailuzko betaurreko txikiak eta partxea jantziko dizkio gaur bere lagun-minari, gainerako umeek aurpegia hatzarekin seinalatu eta barre egiten diotenean, bera bakarra ez dela erakusteko. Umetokitik atera berria den gizakia besoetan hartu dute gurasoek, eta eskutxoak euren esku zailduetan bildu. Zin egin diote elkarri saiatuko direla haurtxoa izen neutro batekin izendatzen, bere izaera eta izana ahalik eta gutxien mugatzen, askatasunaren ertzak bere kabuz miatzera gonbidatzen, eta batzuetan banpiroz eta zonbiz beteta dagoela dirudien mundu honi gizatasuna eransten. Maitane Legarreta Etxezarreta

×