Successfully reported this slideshow.
We use your LinkedIn profile and activity data to personalize ads and to show you more relevant ads. You can change your ad preferences anytime.

Tipulak itzulipurdika

22 views

Published on

2015ean sortutako testua. Beasaingo idazlehiaketaren liburuaren hitzaurrean argitaratua.

Published in: Education
  • Be the first to comment

  • Be the first to like this

Tipulak itzulipurdika

  1. 1. Tipulak itzulipurdika Autobusak bihurgunea hartu zuenean, poltsaren heldulekuari gain hartu eta zorura jauzi egin zuen tipulak, biraka-biraka ezkerreko ertza jo arte. Kolpea jasota, erritmoa moteldu eta erdigunerantz abiatu zen. Hurrengo bihurgunea heltzear zela konturatu zen Miren tipulak poltsatik ihes egin ziola; besoa luzatu zuen baina iristen ez zenez, aulkitik altxa eta makurtu egin behar izan zuen. Hatz mamiekin tipula heltzear zenean, pasiloan behera itzulipurdika ihes egin zion, ordea. Bere atzetik abiatu zen Miren, autobusaren martxa dantzarian oreka mantendu nahian. Begiradarekin jarraitu zion tipulari, eta esku-ahur beltzaranaren barruan bilduta ikusi zuen. Begirada altxatu eta hegoamerikar neska gaztearen irribarrearekin egin zuen topo, besoa luzatuta eta eskua zabalduta, ihes egindako tipula eskaintzen ziola. Eserlekura itzuli zen Miren eta zoruan utzitako poltsan sartu zuen tipula. Poltsa ondo kokatzen saiatu zen, barruko fruta eta barazkien pisua eserlekuaren kontra bermatuta. Erlojuari begiratu eta arratsaldeko zortziak jotzear zeudela konturatu zen. Rosalinda, amari afaria ematekotan egongo zen eta medikuak goizean errezetatutako pastilla hartzeaz gogoratuko ote ziren pentsatu zuen. Sukaldeko mahaiaren gainean utzi zuen Mirenek,egunero hartzen zituen botiken ondoan. Deitzea pentsatu zuen une batez baina Rosalindari ez zion grazia handiegirik egingo, eztabaida izan zuten batean,berarengan konfiantzarik ez zuela leporatu baitzion. Arrazoi zuen; atsegina eta alaia iruditu izan zitzaion beti baina baita gatzgabe samarra ere. Etxekoak ere afari aurreko prestaketetan arituko ziren. Osteguna izaki, patata-tortilla zuten afaltzeko eta aita-alabek patatak zurituta eta piper berdea zatituta izango zituzten harrezkero, bera etxera iristeko zain. Poltsan zituen tipulak falta ziren gaueko otordua biribiltzeko. Etxeko ate aurreko ‘ongi etorri’ alfonbra txikian utzi zuen poltsa, pisua arindu eta giltza sarrailan sartzeko. Atea zabaldu orduko telebistaren soinua entzun zuen. ‘Gabon’ esan zuen Mirenek baina inork ez zion diosalik egin. Sukaldera joan zen poltsako produktuak atera eta afaria prestatzera. Senarra agertu zen orduantxe: “Berandu zatoz. Berehala etorriko zinela uste genuen eta ez ditugu patatak uretan sartu. A zer nolako piura duten orain!”. Hasperen egin zuen Mirenek eta alaba non zegoen galdetu zion. ‘Gelan egongo da’ erantzun zion senarrak eta egongelara itzuli zen. Tipulak poltsatik atera zituen eta berehala antzeman zuen zein zen autobusean bueltaka ibilitakoa, azalaren zati bat galdua baitzeukan. Huraxe eskuartean hartu eta txikitu egin zuen, patata-tortilla egiteko. Malkoek masailetik behera irrist egin zioten, eta tipula ebakitzeari utzi zion une batez, zer eragindakoak ziren argi ez zeukan arren. Tipula zartaginean gorritzen utzi eta alabaren gelara joan zen. Atea ireki orduko, besoarekin alde egiteko keinua egin zion alabak, hizketan ari zela-eta. Mahaiaren bueltan eseri eta hitzik egin gabe hasi ziren jaten. Alaba mugikorraren aurrean irribarre txikiak eginez ari zen; ezkerreko eskuan zeukan sardexkaz patata-tortilla puska bat ahoratzen zuen eta eskuineko hatzak, berriz, tximista bezain azkar mugitzen zituen mugikorreko teklen gainean. Senarra sukaldeko paretan zintzilik zegoen egutegiari begira ari zen, astebururako zenbat egun falta ziren zenbatzen. Bigarren pusketa ahoratu zuenean, ordea,kopeta zimurtu eta marmarka hasi zen: “tipula gutxi dauka honek eta, gainera, erreta”. Mireni amorrazioa eman zion eta halaxe erantzun zion: “zein dago erreta, tipula ala zu?”.
  2. 2. Senarra sukaldetik atera zen eta alabak ere alde egin zezakeen galdetu zion amari, etxerako lanak egiteke zeuzkala eta. Mirenek etsipen aurpegia jarri eta gora eta behera mugitu zuen burua. Hurrengo ostegunean ere autobusean zihoan Miren, baina oraingoan tipulaz betetako poltsa magalean zeraman eta heldulekuak eskuekin eutsita. Etxeko alfonbra gainean utzi zuen poltsa eta sarraila zabaltzen hasi zenean, oinarekin poltsa kolpatu eta tipulak ihesean abiatu ziren, bata bestearen atzetik itzulipurdika, eskailera-mailetan behera. Negar egiteko gogoa sortu zitzaion Mireni baina barre algaraka hasi zen. Atea zabaldu eta senarra topatu zuen bestaldean, harridura aurpegiarekin, baina ez zion ezer galdetu eta Mirenek ez zion ezer esan. Patata-tortilla jateko eseri ziren ostegun hartan ere sukaldeko mahaiaren inguruan, eta senarra egutegiari begira zegoen, ohi baino aldarte alaiagoz, oporretarako gero eta denbora gutxiago falta zela ohartu baitzen. Alaba, berriz, kopetilun zegoen, mugikorra gelan uzteko agindu ziolako Mirenek. Senarrak lehen mokadutxoa sartu zuen ahora eta berehala ilundu zitzaion begitartea: “tortilla honek ez dauka tipularik!”. Mireni irribarrea marraztu zitzaion ezpainetan eta, beste bien aurpegi izoztuak ikustean, barre algaraka hasi zen, geratu ezinda.

×