23873120 bizitza-zoriontsua-111117061007-phpapp02

  • 37 views
Uploaded on

 

  • Full Name Full Name Comment goes here.
    Are you sure you want to
    Your message goes here
    Be the first to comment
    Be the first to like this
No Downloads

Views

Total Views
37
On Slideshare
0
From Embeds
0
Number of Embeds
0

Actions

Shares
Downloads
0
Comments
0
Likes
0

Embeds 0

No embeds

Report content

Flagged as inappropriate Flag as inappropriate
Flag as inappropriate

Select your reason for flagging this presentation as inappropriate.

Cancel
    No notes for slide

Transcript

  • 1. BIZITZA ZORIONTSUA De Beata vita II Kapitulua Lehen eguneko eztabaida. – Gorputz eta arima gara. – – Gorputzaren ezinbesteko elikagaia. – Arimaren elikagaia. – Nahia betetzen ez duena ez da zoriontsu. – Nahi adina daukana ere ez da zoriontsu. – Nork dauka Jaungoikoa?. – Akademikoa ezin da zoriontsu izan, beraz, jakintsu ere ez. – Gu arimaz eta gorputzez osatuak izatea gauza nabaria iruditzen zaizue? Baietz esan zuten denek, Navigiok izan ezik. Navigiok ez zekiela aitortu zuen. Nik esan nion: – Ez dakizu ezer ala deus ez jakitea bera ere zure ezjakinaren atal bat da? – Nire ezjakina erabatekoa denik ez dut uste –esan zidan–. – Esango al diguzu dakizunetik zerbait? –galdetu nion. – Jakina baietz! –erantzun berak. – Eragozpenik ez baduzu, –esan nion– azaldu zerbait. Eta zalantzan ikusi nuenean, galdetu nion: – Bizi ote zaren, gutxienez, jakingo duzu? – Bai, badakit. – Beraz, bizia daukazula badakizu, bizirik gabe ezin baita inor bizi. – Hori ere badakit –esan zidan–. – Gorputza daukazula ba al dakizu? (Baietz esaten zidan) Beraz, gorputzez eta bizitzaz hornitua zaudela badakizu? – Horrenbeste ere badakit; baina zerbait gehiago ba ote dagoen, zalantzak ditut. – Beraz, –esan nion– bi hauek, alegia, gorputza eta arima, badituzula zalantzarik ez duzu; baina duda-mudak dituzu besterik ba ote dagoen gizakia hobetzeko eta osatzeko. – Halaxe da –esan zidan–. Hurrengo batean aztertuko dugu hori, ahal badugu. Orain denei luzatzen dizuet galdera: gorputzik eta arimarik gabe gizakirik izan ezin daitekeela aitortu dugunez, hauetarik zeinentzat nahi ditugu janariak? – Gorputzarentzat –Lizentziok erantzun. Gainontzekoen artean zalantza eta eztabaida sortu zen, nolatan izan zitekeen ezinbestekoa elikagaia gorputzarentzat, biziari eusteko jan nahi izaten baitugu eta bizia arimarena baita. Berriro esku hartu nuen eztabaidan: – Janez gero gugan hazten eta garatzen denarekin elikagaiak zerikusirik baduela uste duzue? Denek baietz esan zuten, Trigeziok izan ezik: – Zergatik –zioen– ez naiz, bada, ni hazi neure jateko gogoaren neurrian? – Gorputz orok ditu izadian bere mugak –esan nion– eta ezin dira mugaz gaindik irten; neurria, ordea, laburragoa litzateke elikagairik gabe. Aise antzematen dugu hori abereengan, janaria gutxituz haien gorputzek galdu egiten baitute tamainan eta sasoian.
  • 2. – Argaldu egiten dira, ez txikiagotu –esan zuen Lizentziok–. – Argaltzearekin nahikoa dut nire argudiorako –esan nion–. Arazoa da ea elikagaia gorputzari dagokion, eta horren zalantzarik ez dago hura murriztuz argaltzen bagara. Denak ados ziren honetan. – Eta arimak, zer? – galdetu nien-; ez al du elikagairik? Jakintza ote da arimaren janaria? – Ezbairik gabe –esan zuen amak-; arimaren elikagai bakarra gauzen ezagutza eta zientzia dela uste dut. Trigezio ez zegoen ados hitz horiekin eta amak jarraitu zuen: – Ez al duzu, bada, zerorrek gaur bertan azaldu nola eta nondik elikatzen den arima? Jaten ari ginela esan baituzu ez diozula erreparatu esku artean generabilen edalontziari, beste auskalo zeintzuk gauzetan pentsatzen ari zinela-eta; hala ere, ahoari eta eskuari ez diezu bakerik eman. Non zen, orduan, zure gogoa ezeri arretarik eman gabe jan eta jan? Sinetsidazu hor ere arima bere jaki bereziez bazkatzen dela, hau da, bere pentsamendu eta irudipenez, horien bidez zerbait bereganatu nahian. Hitz hauek tirabira eragin zuten taldean, eta nik esan nien: – Ez al didazue onartuko pertsona oso jakintsuen arimak beren izakeran ezjakinenak baino askoz hornituagoak eta zabalagoak direla? – Bistan da –erantzun zuten denek–. – Arrazoi osoz esan ohi da, beraz, ezein diziplinatan ezjakitun direnen arimak eta eskolatu gabekoak baraurik eta gose antzean daudela. – Nire ustez –esan zuen Trigeziok–, horien gogoak ase daude, baina bizioz eta gaiztakeriaz. – Horixe bera ere –esan nion– antzutasun mota bat besterik ez da, eta gogamenen gosea modukoa. Zeren, jan gabe gorputza, goseak eraginda, sarritan gaixotu eta ezkabiaz kutsatzen den bezala, baraualdien poderioz gogamenak ere gaitzez betetzen dira. Nagikeriari berari ere antzinakoek bizio guztien ama deitu nahi izan zioten, deus ez baita. Eta bizio honen kontrako bertuteari neurritasuna deitzen zaio. Hitz hau (latinez: frugalitas) fruge-tik dator eta fruitua esan nahi du, gogamenen nolabaiteko emankortasuna adierazi nahian. Aurrekoa, nequitia latinezko nihil-etik dator, hots, deus ez, nolabaiteko antzutasuna. Isurtzen, disolbatzen, likidotzen eta ia beti galdu eta ezereztatzen dena hutsa baita edo deuseza. Horrelako gizakiei ere galduak deitzen zaie. Alderantziz, bere horretan iraun eta tinko eusten diona zerbait da, hala nola bertutea beti bat baita, eta beronen atal nagusiak eta dotoreenak eratasuna eta neurribidea dira. Baina esandakoa ulergaitz egiten bazaizue, onartuko didazue, behintzat, ezjakinen gogamenak beterik badaude, gorputzentzat bezala arimentzat ere bi motatako elikagaiak daudela: batzuk osasungarri eta onuratsu, besteak hilgarriak eta kalterako. Gauzak horrela, eta gizakia gorputzez eta arimaz osatzen dela ados gaudelarik, nire urtebetetze egun honetan gorputzak bazkari oparoagoz gozatzeaz gain arimei ere gozagarriren bat eskaintzea pentsatu dut. Jaki gozoa zein izango den esango dizuet jateko gogorik baduzue. Alferrekoa baita eta denbora galdua asetuei eta jangurarik gabeei jaten ematen saiatzea; eta gero eta gehiago desiratu behar ditugu espirituaren janariak gorputzarenak baino areago. Hori lortuko dugu gogamenak osasuntsu edukiz, gaixoek, gorputzaren gaitzaldian bezalatsu, janariak errefusatu eta kanporatu egiten baitituzte. Aurpegien keinuez eta ahotsez adierazi zidaten gogo onez hartuko zutela nik prestatutakoa.
  • 3. Eta hitzaldiari lotu nintzaion berriro: – Denok nahi dugu zoriontsu izan, ezta? Entzun orduko, denek ados onartu zuten nik esandakoa. – Eta zoriontsu deritzozue nahi duena ez daukanari? Ezetz esan zuten denek. – Eta zer? Nahi adina daukan oro izango ote da, bada, zoriontsu? Amak erantzun: – Gauza onak nahi eta edukiz gero, bai, zoriontsu da; gaitzak nahi dituena, ordea, lortuz gero ere, zoritxarreko da. Irribarrez eta pozarren esan nion: – Filosofiaren gazteluan sartzea lortu duzu, ama. Hitzak soilik falta izan dituzu, filosofiaren defentsa eta gorespenerako Zizeronek idatzitako Hortensius liburua bezain egoki mintzatzeko. Hangoak dituzu hitz hauek: Horra bada; filosofoek ez, zehazki, baina eztabaidarako prest dauden guztiek diote zoriontsu direla nahierara bizi direnak. Errakuntza galanta! Komeni ez dena desiratzea zorigaitzik handiena baita. Nahi duzuna ez lortzea baino zorigaiztoagoa da komeni ez zaizuna lortu nahi izatea. Zoriak ekar lezakeen ongia baino gaitz ugariago ekartzen baitu nahimenaren zitalkeriak. Hain ozenki onartu zituen hitz hauek ezen, beraren sexuaz erabat ahazturik, alboan gizon handi bat genuelakoan geunden, eta nik neure artean, ahal nuen neurrian pentsatzen nuen zein iturri jainkozkotik isuri ote zitzaizkion egia horiek. – Esaguzu, bada, orain –esan zuen Lizentziok– zoriontsu izan gura duenak zer nahi behar duen eta zein gauzetan desira ipini. – Zure urtebetetze egunean gonbida nazazu, ongi baderitzozu, eta plazer handiz hartuko dizut eskainiko didazun oro. Era berean gera zaitez, arren, gaur gurean, baina ez eskatu agian prestatu ez dugunik. Egindako ohar apalaz hura lotsatu, eta nik ostera jarraitu nuen: – Denok bat gatoz honetan, alegia, inor ezin dela zoriontsu izan nahi duena ez badauka; ez eta nahi duen guztia daukan oro ere. Ez al da hala? Baietz esan zuten denek. – Eta zer? –esan nuen– Zoriontsu ez dena dohakabea al da? Zalantzarik gabe, baietz erantzun zuten. – Beraz, nahi duena ez daukan oro dohakabea da. Denek onartu zuten. – Zer behar du, beraz, gizakiak bilatu, zoriontsu izateko? –Galdegin nuen–. Gure gonbitean, agian, hau ere eskainiko dugu, Lizentzioren gogo bizia asetzeko; lortu egin beharko baitu, nire ustez, nahi hutsez lor dezakeena. Nabarmena zela esan zuten. – Gainera, –jarraitu nuen– gauza iraunkor eta segurua behar du izan, zorteari eta bizitzako gorabeherei lotu gabea. Izan ere, iragankor eta galkorra dena ezin dugu nahi dugunean geure nahierara eduki. Denek onartu zuten. Baina Trigeziok esan zuen: – Badira zoriontsuak gauza galkor eta aldakorrak, baina bizitza honetan atseginak, oparo dauzkatenak eta noiznahi euren desirak asetzen dituztenak. – Eta zerbaiten beldur dena –galdetu nion– zoriontsu dela uste duzu? – Inola ere ez –erantzun berak–. – Hortaz, maite duena gal dezakeena bizi al daiteke beldurrik gabe?
  • 4. – Ezinezkoa du –erantzun zidan–. – Beraz, badaezpadako horiek gal badaitezke, horietan bihotza jarri eta eskuratzen dituena ezin da zoriontsu izan. Kontrakorik ez zuen esan. Amak hartu zuen hitza: – Seguru egonik ere ondasun horiek galduko ez dituela, ezin da horietaz ase izan; beraz, pobre bezainbat dohakabe izango da beti. Nik erantzun: – Eta gauza hauetan guztietan oparo bizi arren, bere desirak kontrolatu eta daukanaz pozik eta neurriz bizi denari zer deritzozu? Zoriontsu izango dela uste duzu? – Ez da gauza horiengatik izango zoriontsu –erantzun zuen berak-;bere gogamenari ezarritako neurritasunari esker izango da zoriontsu. – Oso ondo –erantzun nion–. Nire galderak ez zuen beste erantzunik onartzen eta ez nuen zugandik besterik espero. Beraz, inolako zalantzarik gabe, zoriontsu izan nahi duenak ondasun iraunkorrak bereganatu beharko ditu, ezein paturen ezbeharrak ezin kenduko dizkion ondasunak. – Horretan konforme gaude aspalditik –esan zuen Trigeziok. – Jaungoikoa betikoa dela uste duzue eta beti bera? – Hain da egia diozun hori –esan zuen Trigeziok– galdetzerik ere ez duela merezi. Guztiek txalotu zuten zaletasun berberaz. – Zoriontsu, beraz, Jaungoikoa daukana. Denek azken ideia hau pozez beterik onartu eta gero – Beraz, –jarraitu nuen– Jaungoikoa nortzuk daukaten aztertu besterik ez dugu egin behar, hauek baitira egiaz zoriontsuak. Honi buruz esadazue zuen iritzia. – Ongi bizi denak dauka Jaungoikoa –esan zuen Lizentziok–. – Haren nahia betetzen duenak dauka Jaungoikoa –erantsi zuen Trigeziok; Lastidiano ados berarekin. Gaztetxoenak ere zerbait esan behar eta, – Espiritu likitsaren kutsurik ez duenak dauka Jaungoikoa. Denak ontzat eman zituen amak, baina batez ere gaztetxoaren hitzak. Navigio isilik zegoen. Zer sentitzen zuen galdegin nionean azken erantzun hau gustatu zitzaiola esan zidan. Rustikori ere galdetu behar nion zein iritzi zuen gai garrantzitsu honetaz, isilik baitzegoen, deliberoz barik lotsaz, nik uste, Trigeziorekiko bere adostasuna erakutsi zuen.