www.ivap.org we b-orrialde tik jaitsita
LAUGARREN
HIZKUNTZA ESKAKIZUNA
IDATZIZKO AZTERKETA
www.ivap.org we b-orrialde tik jaitsita
ARGIBIDEAK
Azterketa honek bi zati ditu:
1. Ahozko azterketa
Azterketa unean emandako gai bat garatu beharko duzu, gaia prestatzeko
10 minutu izango dituzularik. Gai honetaz gain, epaimahaikoek egin
dezaketen zenbait galderari ere erantzun beharko diozu.
2. Idatzizko azterketa
Bi ariketa izango dituzu:
• Laburpena
Jarritako testuaren laburpena edo sintesia egin beharko duzu idatziz,
eskatzen zaizun egoerari egokituz.
• Idazlana
Emandako gaiaz, idazlana egin beharko duzu.
® Denbora
Ahozkoa alde batera utzirik, laburpena eta idazlana egiteko hiru ordu
izango dituzu.
2
www.ivap.org we b-orrialde tik jaitsita
1. IRAKURMENA
Ariketa: Egin ezazu ondorengo testuaren laburpena.
Oharrak: Kontuan izan gehienez ere 30 lerro eduki behar dituela eta ezin
jar ditzakezula jatorrizko testuaren zatiak elkarri lotuta; aitzitik,
konposizio berria egin behar duzu, nahitaez.
Bestalde, agian lagungarri izango zaizu hurrengo puntuok gogoan hartzea
laburpena egiterakoan:
• Lehenbizi, testuaren ideia nagusiez jabetu.
• Ideia nagusi horien inguruan gorpuztu laburpena bera. Testu
berria sortzerakoan ez zaitez subjektiboa izan. Honez gain,
testuak murritza izan behar du, koherentea eta argia; bertan
erabiliko diren kontzeptu teknikoak erraz ulertzeko moduan
eman beharko direlarik.
• Beraz, laburpen horrek egiazko testua eta jatorrizkotik
autonomiaduna beharko du izan, gramatika aldetik zuzena
beharko duen heinean.
3
www.ivap.org we b-orrialde tik jaitsita
LAN-SATISFAZIOA, KALITATEAREN
ADIERAZLE
Lan-satisfazioa, antolamenduaren inguruko pentsamenduarekin eta filosofiarekin
uztarturiko kontzeptua dugu. Duela bi hamarkadaz geroztik, lekua egiten joan da era
askotako erakundeen testuinguruan, eta erakundearen helburuak —eta ondorioz,
arrakasta— lortzeko ezinbesteko osagai izatera heldu da. Erakunde baten oinarri
seguruenetako bat, zalantzarik gabe, bertako kideen satisfazioa da (García
Santamaria, 1996), eta horretatik dator satisfazioa oinarri nagusietarikoa duten kalitate-
sistemak ezartzeko gero eta premia handiagoa. Kalitatearen kudeaketan oinarritutako
hurbilketek, hala nola Deming ereduak, Baldrigenak edo EFQM (European Foundation
for Quality Management) fundazioaren eredu europarrak, garrantzizko adierazletzat
jotzen dute langilearen edo barneko bezeroaren satisfazioa, produktu edo zerbitzu
baten kalitatea ebaluatzeko garaian.
Erabateko kalitateari idatzirik eman zaizkion definizio guztien artean, puntu batean bat
datoz guztiak, erakundearen barneko eta kanpoko bezeroen beharrak eta itxaropenak
betetzea baitute denek helburu nagusietarikotzat. Sinplifikatuz, erabateko kalitatearen
kudeaketa epe luzerako arrakastari lotzen zaiola esango dugu, eta horrek, bere
helburuen artean lan-esparruko satisfazioa duela. Gauza, kudeaketan parte hartzen
duten langileek eginiko etengabeko hobekuntzan datza, produktua edo zerbitzua
hobetzeko beharrezkoa baita kide guztiek parte hartzea (Schonberger, 1992).
Europako Elkarteetako Goi Mailako Hezkuntza Batzordearen arabera (1997, 1998),
erabateko kalitatea hasiera batean jarduera guztiak eta horietako bakoitza zehatz- -
mehatz aztertzera eta, aldi berean, lan-esparruko ekileen premiak eta itxaropenak
esplizituki azaltzera bideratutako kudeaketa-metodoek osatzen dute.
Langileen satisfazioa eta kalitatea
Lan-satisfazioaren alorrean, kalitatearen kudeaketa integrala, langile guztiek
antolakundearen komunikazio-prozesuan parte hartzeko premian eta langileek
erakusten duten motibazio-mailan kokatu behar da. Lan-satisfazioaren inguruan
inkesten bidez egindako ikerketek (Gelinier, 1984; Fourgous eta Lambert, 1993)
antolakundearen baitan langilearen satisfazioan eragin dezaketen balore-sistemak
(lana, aisia, erlijioa, morala, politika, mundua, familia, etab.) ezagutzeko bidea eman
dute, eta azpimarraturik agertzen da kultura nazional desberdinen, balore-sistemen eta
laneko jarreren arteko erlazioa.
Europa-mailan, EFQMren ereduak (1995, 1999) zehazten du langileen satisfazioan landu
beharreko irizpideen artean barne har daitezkeela langileek euren antolakundearekiko
dituzten pertzepzioak. Era berean, erakundeak langileei eskaintzen dizkien motibazio-,
satisfazio- eta zerbitzu-faktoreen inguruko satisfazioa ulertzeko, aurreikusteko eta
areagotzeko neurketa osagarriak proposatzen ditu.
4
www.ivap.org we b-orrialde tik jaitsita
Langilearen edo barneko bezeroaren beharrak eta itxaropenak betetzera bideratutako
tekniken artean, honakoak nabarmen ditzakegu:
• Langileei erakundearen garrantzizko informazioa eskuratzeko eta ideiak zein
iradokizunak azaltzeko aukera emango dieten komunikazio-sistemak ezartzea.
Beraz, antolakundeak langileekiko barne-komunikazioa behar du haiek
motibatzeko, arrakasten eta porroten jakinaren gainean edukitzeko eta ezarritako
helburuak ulertzen eta nork bere gain hartzen ahalegin daitezela lortzeko.
• Etengabe trebatzea, bai lantokian eta bai lantokitik kanpo, pixkanaka gero eta
ardura handiagoak hartu ahal izan ditzaten beren gain. Prestakuntzak garrantzi
handia du enplegatuen lanerako motibazioan, izan ere, trebatzeko programen
bitartez, langileek gaitasunak eta beren nagusien eta lankideen aintzatespena lor
ditzakete.
• Eskuordetzea (Empowerment), erakundearen maila guztien barnean langile
bakoitzari boterea eta motibazioa transmititzean oinarritzen den prozesua da, eta
unean uneko edozein arazo konpontzeko xedea du. Hori lortzeko tresna
antolakundeko maila guztietan sailen arteko edo sail-barneko taldeak sortzean
datza.
• Ordaintze-sistema egokia, gehienetan ekonomikoa izaten dena, alde batetik
oinarrizko soldatan oinarritua, hau da, langile batek jasotzen duen kopuru finkoan
eta, bestetik, soldata-pizgarrietan; azken honen helburua errendimendu-maila
handia duten langileak saritzea da. Aitzitik, beste era bateko ordainak ere
badaude, dirua ez direnak, besteak beste, bidaiak, oporrak eta abar. Bistan dago
ordain-prozesua gaizki kudeatzeak eragin erabat negatiboa izan dezakeela
langilearengan eta, ondorioz, erakundearen emaitzetan.
Lan-satisfazioarekin lotutako aldagarriak
Pentsatzekoa denez, lan-satisfazioak erlazio garrantzitsuak izan behar ditu
antolakundearen kalitatean zuzenean edo zeharka eragina izan dezaketen laneko
hainbat fenomenorekin. Gure asmoen artean ez dago horren inguruan aurkitutako
erlazio desberdinak banan-banan aipatzea, baizik eta horien artean honakoak
nabarmentzea:
Lan-absentismoa neurtzeko, ondoko arrazoiengatik galdutako denbora hartzen da
kontuan: atzerapenak; gaixotasun arrunten, profesionalen edo lan-istripuen ondoriozko
lanera ez agertzeak. Absentismo kasurik gehienetan, lanerako ezintasun iragankorra
izaten da esplikazioa, edo justifikatzen duen arrazoia. Aitzitik, eta Taylorrek (1989)
dioenez, ezin dugu absentismoaren planteamendu sinplistan erori, hau da, langileek
lanera joateari uzten diote ezintasunen bat dutelako, edo arrazoi pertsonalengatik.
Horren heinean, langilearen motibazioak funtsezko garrantzia du. Pentsatzekoa da
lanera behin edo gehiagotan ez doazen pertsonek motibazio eskasa dutela eta,
ondorioz, satisfazio-maila txikiagoa izango dute. Orain arte gai horren inguruan
egindako ikerketek elkarrekiko lotura ez oso estua baina negatiboa erakusten dute lan-
satisfazioaren eta langilearen absentismoaren artean (Scott eta Taylor, 1985; Hackert
eta Guion, 1985).
5
www.ivap.org we b-orrialde tik jaitsita
Langilearen satisfazioan eragina duen beste aldagarri bat lanpostua aldatzea da,
langileak lanpostuz nahita aldatzea. Aldaketa, barne-aldaketa da antolakundearen
barnean egiten bada, edo kanpokoa, aldaketak beste antolakunde batera joatea
baldin badakar. Normalean, barne-aldaketa zuzen-zuzenean lanpostuarekiko
insatisfazioa adierazten duen erakusletzat hartu izan da. Ildo beretik, kanpo-aldaketa
ere negatibotzat jotzen da erakundearentzat, langile batek erakundea uzteak kostu
handia duelako, hautatzeko garaian energia eta prestatzeko baliabideak erabiliz
langile harekin hasiera batean inbertsioa egin baitzen.
Beste interes-aldagarri batzuekin jarraituz, enpirikoki egiaztatu nahi izan den beste
erlazio mota bat satisfazioaren eta errendimenduaren artekoa da. Bi aldagarri horien
arteko erlazioaz ikerketa asko egin bada ere, oraindik eztabaidagai da. Ondorioz,
urteetan frogatu nahi izan da langileak zenbat eta gusturago egon errendimendu
handiagoa izango zutela, eta alderantziz, ez zegoela bi aldagaien artean
erlazionatuko lituzkeen loturarik (Moorman, 1993).
Insatisfazioaren eta laneko istripu-tasaren artean nolabaiteko elkarketarik edo
abalatuko luketen datu ugari ez badago ere, gero eta interes eta ardura handiagoa
pizten ari den gaia dugu. Argi dago segurtasuna eta laneko osasuna gai garrantzitsua
dela lan-jarduera bat modu eraginkorrean garatuko bada. Antolakundearen
ikuspuntutik, lan-baldintzak hobetu egingo lituzkeen osasun- eta segurtasun-maila
egokia izanez gero, baliteke antolakundearen produktibitate eta eraginkortasuna
handitzea, horretarako bidea izanik istripuek eta hauen ondoriozko eriondoek
sorrarazitako ekoizpen-galerak gutxitzea eta, ziurrenik, langileen satisfazioan eragitea,
ingurune osasuntsu eta seguruan ari baitira lanean.
Enrique Alonso eta Carmen Pozo, Almeriako unibertsitateko irakasleak
Capital Humano, 151. zk. 2002ko urtarrila
6
www.ivap.org we b-orrialde tik jaitsita
2. IDAZMENA
Ariketa:
Jarraian egunkari edota aldizkarietan argitaratutako bost testu–aipamen
aurkituko dituzu. Bostetatik bat aukeratu eta bertan jasotzen den
informazioa oinarri harturik iritzi–artikulua idatzi behar duzu. Konposizioak
70/75 lerro inguruko luzera izan behar du.
Oharrak:
Idazlana ebaluatzeko orduan euskara jaso eta aberatsa
erabiltzeko gaitasunari begiratuko zaio. Horrela bada,
balorazioa egiterakoan, besteak beste, honako puntuak izango
dira kontuan: gaiarekiko lotura, gramatika-zuzentasuna,
testuaren egituraketa (kohesioa, koherentzia...) eta bakoitzaren
arloko hiztegi berezituaren erabilpena, gaiak ahalbidetzen
duen neurrian.
1. Testu-aipamena
KOMUNIKAZIOA, ADMINISTRAZIO PUBLIKOEN BALIABIDE ESTRATEGIKOA
Administrazio publikoek gabezia sakonak dituzte komunikazio arloan, beraien antolakuntza
burokratikoa dela eta. Horren ondorioz, administrazioen kultura korporatiboak ondoko
ezaugarriak izaten ditu: indibidualismoa, desinformazioa, parte-hartze eza eta
desmotibazioa, besteak beste. Gauzak horrela, administrazio publikoek biziraun nahi badute
inguruneak planteaturiko eskakizunei erantzun behar diete. Langintza horretan barne-
komunikazioak berebiziko balioa bereganatu du, aldaketa kudeatzeko eta erakundea
modernizatzeko tresna bihurtu baita.
Baina administrazio publiko komunikatiboago baterantz egin nahi dugun aldaketa hori ez da
izan behar inposatua, baizik eta zuzendaritzak berak bultzatua eta sustatua. Hona hemen,
laburbilduz, zuzendaritza horren ezaugarriak: gardentasuna, iluntasunari kontrajarrita; parte-
hartzea (talde-lana) indibidualismoaren aurka, deszentralizazioa eta eginkizunen
eskuordetzea, zentralismoaren aurrean… Finean, zuzendaritzak aukera eman behar die
langile guztiei erakundearen garapen prozesuan parte hartzeko.
Gema Pastor Albadalejo, Unibertsitate Konplutentseko Zientzia Politikoetako irakaslea
Capital Humano, 2002ko martxoa
7
www.ivap.org we b-orrialde tik jaitsita
2. Testu-aipamena
GIZARTE SEGURANTZAREN SISTEMA PUBLIKOAREN ETORKIZUNA
Azken urteotan gizarte segurantzaren (GS) sistemaren etorkizuna zalantzan jarri da eta
biztanleriaren zaharkitzeari garrantzi handia eman zaio. Izan ere, biztanleriaren bilakaera
aztertzean, biztanleria zaharkitzeak ekar ditzakeen finantzaketa-arazoak nabarmentzen
dira. Jaiotza eta heriotza tasen jaitsiera dela eta, GSren desoreka 2030 urtearen ondoren
nabarmena izango dela aipatzen da, lan egiteko adinean egongo direnen jaitsiera
aurreikusten baita, 65 urtetik gorakoen igoerarekin batera.
Etorkizunean finantzaketa-arazorik izatekotan, lan egiteko gai eta prest daudenen
gabeziaren aldetik etorri beharrean, GSren sarreren aldetik etor daitezke. Gakoa,
etorkizunean lan egiteko adinean daudenentzat enplegu nahiko sortzean datza. Gainera,
GSren sarrerak afiliatu kopuruaren mende izateaz gain, euren ekarpenei loturik daude;
beraz, sortzen den enplegua kalitate baxukoa izateak eragin kaltegarria du. Horrela, lan
bizialdia luzatzeak GSren bideragarritasunari ez dio ekarpen handirik egiten; are gutxiago,
garapen teknikoa dela eta, gero eta lan kualifikatuagoa behar den ingurune honetan.
Beraz, kalitatezko enplegua sustatzeko politika da gizarte babesaren oinarri sendoena,
nahiz eta hori bat ez etorri merkatuaren malgutasun (desarautze) politikekin.
Garikoitz Otazua, EHUko irakaslea
Euskaldunon Egunkaria (Ekonomia), 2002-06-02
3. testu-aipamena
EUSKARA ADMINISTRAZIOAN: ERABILERA INDARTZEKO NEURRIAK
Gizarteari begira, sustapena da euskararen erabilera indartzeko jarrai daitekeen biderik
eraginkor eta erosoena; baita norbanakoen eskubideekiko begirunerik handiena islatzen
duena ere.
Administrazioari dagokionez, aldiz, beste era batekoak direlakoan nago jarraibide
egokiak. Hain zuzen ere, neurri sustatzaile eta pizgarriak baztertu gabe, hizkuntzen
erabilera arautzea da, nire ustez, administrazioaren jardunean hizkuntza bat bultzatzeko
modurik aproposena. Edozelan ere, ez da batere gomendagarria ingurumari elebidun
batean kokatuta dauden erakundeetan hizkuntzaren erabilera berezkotasun bakarraren
esku uztea. Berezkotasuna, hizkuntzen arloan, istilu eragilea ez ezik, askotan, egoera
injustuen sortarazlea ere izan ohi delako.
Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio gehienetan, hala ere, hizkuntzen erabilerak ez
du inolako arauketarik. Arautu gabe dago, oro har, funtzionarioek zein hizkuntzatan egin
behar duten beren lana; edo zehatzago esateko: administrazioaren egitekoak betetzen
dihardutenean, noiz zein hizkuntza erabili behar duten.
Josu Iñaki Erkoreka, Deustuko Unibertsitateko Zuzenbide Administratiboko irakaslea
Eleria, 0 zk.
8
www.ivap.org we b-orrialde tik jaitsita
4. testu-aipamena
AGENTE SOZIALEN EGINKIZUNA INFORMAZIO GIZARTEAN
Informazio gizarteak eta aurreko eraldaketa teknologikoen ondorioz sortutako gizarteek
protagonista berberak dituzte: enpresak, administrazioa, irabazi asmorik gabeko
erakundeak, elkarteak… Azken batean, euren atzean gaudenok geure denboraren zati
bat eremu berri horretan, mundu digitalean, eman beharko dugula onartu behar dugu,
hiri eta industri ingurunean bizitzen ikasi genuen bezala. Izan ere, ahalegin handia egin
behar da egokitzeko eta arrisku berriak agertzen dira, esaterako, isolamendua, gizatasun
eza eta haustura digital berria, baina norbera aberasteko eta bizi kalitate hobea lortzeko
aukera handiak ere bai.
Administrazioak zeregin garrantzitsua du eraldaketa horretan, kulturaren aldaketa eta
gizartearen egokitzapena sustatu behar duelako bere politiken bidez, eta horrez gain,
bera ere eraldatu behar delako. Horretarako, zerbitzuak eskaintzeko modua diseinatu
behar du berriro, harik eta on-line administrazioa bihurtu arte. Zerbitzu publikoak (osasuna,
zerga- -arloa, hezkuntza…) garrantzitsuak eta unibertsalak direnez, gizarte
digitaleranzko aldaketaren benetako eragileetako bat izan behar da administrazioa. Hori
dela eta, politika publikoen bidez herritarrak kultura aldaketa berriaren protagonista
izatera gonbidatzen baditugu, herritarrak ere oso zorrotzak izan beharko dira
administrazioarekin.
Juan Jose Ibarretxe, EAEko lehendakaria
Euskadi Informazio Gizartean, 2002ko martxoa
5. testu-aipamena
GLOBALIZAZIOA ETA EUSKAL KULTURA
Globalizazioaz hitz egiten dugunean zehaztu beharra dago zer adierazi nahi dugun.
Gizartearen esparru batean —kulturarenean, kasu honetan— mundu mailako eragina
duten gertaerak nagusitzen direneko prozesuari deitu ohi zaio globalizazioa. Hau da,
planetako txoko batean gertatzen denak, aldi berean, urruneko txoko askotan du
eragina. Prozesu hau posiblea da, bereziki, teknologiaren garapen eta hedaduragatik.
Honela ikusita, zenbait alderdi azpimarratuko ditut. Batetik, informazioaren teknologia
berriek ahalmen izugarriak ematen dituzte, besteak beste, euskal kulturaren
garapenerako. Bigarren alderdia, ordea, beltzagoa da: globalizazioa munduan nola
garatzen ari den ikusita, ahaltsuenen boterea areagotzen ari dela ikusten dugu,
ekonomian bezala kulturan ere. Azkenik, globalizazioarekin batera, eta haren ondorio
gisa, maila ertaineko entitateak pisua galtzen ari dira, eta gure bizitza mutur biren artean
antolatzen ari da gero eta gehiago: globala eta lokala.
Josu Amezaga, UEUko irakaslea
Administrazioa Euskaraz, 31. zk.
9
0 comments
Post a comment